2023an hazkundearen bidea berreskuratu du Irizar taldeak
2024an ere, joera hori berrestea da orain helburu nagusia. Enplegua sortzen maximo historikoetara iritsi da 2023an zehar. Teknologian eta berrikuntzan inbertitzea, etorkizuneko erronka.
Imanol Rego Irizar taldeko zuzendari exekutiboak 2023 urteko datuak aurkezteko eta datozen urteetarako dituzten aurreikuspenen berri emateko agerraldia egin du gaur, Irizarrek Ormaiztegin duen lantokian. Aurkezpenaren ondotik, ekoizpen plantara bisita gidatua egin dute. Amaitzeko, hidrogeno bidezko azken belaunaldiko ibilgailuen erakustaldia egin dute, Irizar i6S Efficient autokarra, tartean.
Irizar taldeak 895 milioi euroko fakturazioa izan zuen 2023an, aurreikusitako 780 milioi euroak nabarmen gaindituz. Hala, 2019tik Irizarrek izan dituen zenbaki onenak dira «fakturazio errekor berria» ezarriz, Regoren hitzetan. Alderdi ekonomikoan ez ezik, enpleguari dagokionean ere utzi ditu errekorrezko zenbakiak 2023 urteak. Gaur egun, 3.844 langile enplegatzen ditu Irizarrek mundu osoan, horietatik 1.538 Gipuzkoan: «972 Ormaiztegiko lantokian eta 410 Adunako Irizar eMobilityn». Bereziki egin du gora langileen kopuruak Adunan, 2021ean 200 langiletan baitzegoen ezarrita kopurua.
Urte «ilunak» gaindituz
Pandemiak suposatu zuen «katarsia» gaindituta, etorkizunari heltzeko bidean da berriz, Irizar taldea. 2019an, 766 milioi euroko diru sarrera izatetik —ordura arteko zifra onena— 426 milioi euroko fakturazio izatera pasa zen urte beteren buruan. Urte «ilun» horietan, ordea, egoerari buelta emateko gai izan zirela azpimarratu zuen Regok «oso enpresa gutxi dira egoera horri buelta emateko gai», gaineratu du. Enplegua mantentzea izan zen helburu nagusia, baina horretarako «langileen soldatak %21,5 jaitsi behar izan ziren eta kapitalizatutako diruari heldu behar izan zitzaion».
Gaur gaurkoz, egoera bestelakoa da, azken urteetako hazkunde iraunkorrari esker. 2024 urtea ixterako asmo handiko aurreikuspenak egin dituzte. Helburua «fakturazioan 970 milioi eurora iristea da». Eskabide-zorro egonkorra dute, «iazkoaren bikoitza» eta 3.700 hiri-ibilgailuren ekoizpena hitzartuta «inoizko handiena». Gainera, teknologia berrietan inbertsio garrantzitsuak egingo dituzte —20 milioi eurotik gora— eta Irizar taldearen proiektua egonkortzeko, Europako merkatuan hazten jarraitzeko asmoa.
Datozen erronkei begira, «Irizarren etorkizuneko mugikortasunean funtsezko aktore izan nahi dugu. Horregatik gure ahalegin guztiak deskarbonizazioan eta gure ibilgailuen kontsumo eta emisioen murrizketan zentratzen jarraituko dugu. Argi daukagu etorkizuna multiteknologikoa izango dela», esan du Regok. Izan ere «teknologia bakar batek ez die erantzuna emango etorkizuneko erronka guztiei».
Multiteknologia, gakoa
Hiri-ibilgailuen elektrifikazioa errealitate bat da jada. «Azken bost urteetan %5etik %55era igo da hiri-ibilgailu elektrikoen eskaera Europan. Eta datozen 5 urteetan %90era iritsi daiteke», aurreikusi du. Elektrifikazioaren joerak ez du etenik izango Irizarreko zuzendari exekutiboaren ustez, baina ziklikoa izango da, «egingo diren inbertsioen araberakoa», gaineratu du. Halaber, gogorarazi du, «Irizarrek 10 urte» daramatzala Europako hiri garrantzitsuenak ibilgailu elektrikoz hornitzen.
Azken urteetan taldearen fakturazioaren %4 bideratu dute berrikuntza eta teknologiara, eta horri esker, «prest egongo gara distantzia labur, ertain eta luzean garraio sektoreak dituen deskarbonizazio erronkei aurre egiteko», azpimarratu du Regok.
Irizarren azken proiektu garrantzitsuena Irizar i3 BEV ibilgailua da, hiri-ibilgailu %100 elektrikoa. Madrilgo Ibilgailu Elektrikoen Ferian aurkeztuko dute mundu mailan, horregatik, gaur goizeko aurkezpenean ez dute xehetasunik aurreratu.