«Erromeria egiteko txikitako ametsa astero betetzen dut orain»
Hamalau urte badira bizileku duen Uitzin Inazio Olanok (Lazkao, 1975) lehen aldiz musika jarri zuenetik. Harrezkero, DJ Oixani bezala sona hartu du, eta herririk herri dabil jaiak eta erromeriak alaitzen.
Noiz hasi zinen DJ lanetan?
Hamalau-bat urte badira. Uitzin bizi naiz, eta urtarrilean inauteriak eta San Migeletan herriko festak izaten dira. Horietan hasi nintzen. Gero, bailaran segitu nuen, gazteek eskatuta, Lekunberriko gazte festan. Urte batean joan nintzen, eta akabo! Pixkanaka herri gehiagotara zabaldu naiz.
Nolatan esan zizuten zuri? Zeuk ere gogoa izango zenuen agian.
Betiko ilusioa musika-ekipo bat edukitzekoa nuen, eta halako batean erosi nuen. Egur pixka bat emateko, alkateari eskatu nion festetan utziko al zidan soinua ateratzeko leku bat. Ekipo kozkorra zela ikusi zuen, eta horrelaxe hasi nintzen lanean.
Non egin ohi dituzu saioak?
Nafarroa aldean, gehien bat. Larraun bailaran ni harrapatzea zaila da jada, kanpora gehiago ibiltzen naiz, Aezkoara, Lizarraldera, Zaraitzura eta. Gipuzkoa aldera ere hasi nintzen. Eitzagara sei urtean etorri naiz, lankide baten bidez. Oso plaza polita eta berezia da, oso euskalduna gainera, eta musika euskalduna eskatzen didate. Mutiloan iaz jo nuen, aurten Lazkaomendin ere bai. Ez dut sare sozialik erabiltzen honetarako, ahoz aho zabaldu da DJ Oixaniren berri.
Eguneroko lana eta musikarena nola uztartzen dituzu?
Irizarrera etortzen naiz egunero lanera, eta etxean ere izaten da. Hortik aparte, gustura egiten dut, oraingoz, musikarena. Jende eta bazter asko ezagutu dut. Saltseroa naiz, eta gustura nabil. Gogorra ere bada: asteburu batzuetan lo oso gutxi egiten dut. Baina gustuko lekuan, aldaparik ez.
Musikari bezala, gauez ibili behar? Orain, uda garaia, lantsua izango da, ala?
Bai. Apirilean hasi nintzen, eta astebururo daukat ekitaldiren bat. Bat ez bada bi, eta hiru ere eduki ditut. San Ferminak familiarekin egoteko hartuko ditut. Atseden hartzea ere estimatzen da. Juergarako ere eguna gustatzen zait jada gaua baino gehiago. Dena ikusten dela hobe da! Gauez asko ibili naiz, eta ez dit inbidiarik ematen.
Musikarekin askotan gauez dira saioak, baina gero eta gehiago arratsaldeetan ere bai. Normalean, orduka eskatzen du jendeak: ordu pare bat, hiru, bost…
Zer musika jarri ere eskatzen dizute?
Batzuetan eskatzen didate, baina gero ikusten duzu agian jendearekin ez doala bat. Orduan, jendearekin doala uste dudana sartzen dut. Azkenean, giro polita sortzea da helburua. Ofizio hau ere ez da egun batean ikasten. Eskua behar da, jendea gustura dagoen antzeman… Dantzan ari badira eta kantuak eskatzeko lotsa galtzen badute, ondo. Beti egoten da bakarren bat abestu ere egin nahi duena; igo eta abestu bada!
Zer ekipo daukazu?
Lehenengoa JBL bat zen. Bozgorailu handiak dira. Oso gutxi erabiltzen ditut jada, baina etxean daukat gordeta, mimoz. Beste ekipo batzuk erosi ditut, txikiagoak eta gehiago jotzen dutenak. Bizkarrean eramateko ere erosoagoak dira. Musika jartzeko, digital bat erosi nuen zuzenean. Zaharra da, baina futzionatzen duen bitartean… Musika ekipo guztia nik muntatzen dut, nahikoa dut entxufe bat.
«Oixano Inaxio alderantziz da. Herriko gazteek proposatu zidaten; ez da nik pentsatua, ez nuen horretan segundorik galdu»
Oixani izen hori?
Inaxio alderantziz da. Herriko gazteek proposatu zidaten; ez da nik pentsatua, ez nuen horretan segundorik galdu. Gustatu zitzaidan, eta horrekin nabil.
Zer herri edo giro klasetan ibili ohi zara gehien?
Gehien bat herri txikietatik deitzen didate. Auzoak ere bai, bailarako festak, eta festa pribatuak ere bai. Han hotel bat badago, eta ezkontzetan jotzen dut; familia bazkariak, kintoenak… Plaza koxkorretan ibiltzen naiz, eta herri guztiek daukate bere xarma. Zegamako auzo batean jota nago, Eitzagan ere karpatxo bat jartzen dute orain, ez da lehen bezala elizpean. Politak dira horiek. Leku handietan ez naiz ibili; emazteak akabatuko ninduke! Eta arrazoiarekin, ez nau etxean ikusten eta.
Euskal izaera mantentzen al da herrietako jaietan, ala galtzen ari da?
Nafarroan, herri askotan ez dakite euskaraz, baina euskaraz hitz egitea nahi dute eta euskal musika nahi izaten dute. Nik, normalean, euskaraz hitz egiten dut agurretan eta.
Makina bat bitxikeria ikusiko duzu…
Asko. 60 urteko batek heavya eskatzen dizunean, edo garai bateko musikak. Bakoitzak bere garaikoa nahi du, normala da: Rafaela Carra asko eskatzen dute. Ni irekita nago, jendea gustura uztea eta jendeak ondo pasatzea da gure lana. Regetoia ere jartzen dut. Erritmo motel horrekin lo hartzen ari direla iruditzen zaidanean, ordea, aldatzen dut. DJ guztiek erabiltzen dituzten komodinak badaude.
«DJ lan honetan hasteko irrika izan zen, beti eduki dudalako gogoa erromeria bat egiteko»
Kantu finkoren bat baduzu?
Bukatzeko Imuntzo eta Beloki gustatzen zait, edo Ikusi mendizaleak, Zea Maysen Negua joan da ta… Aldatu egiten dut hori ere. Jende askok ez du baloratzen ixteko garaian abesti hain ederra. Askotan, Berri Txarraken Ikusi arte gordetzen dut azkenerako.
Laneko musika zure zaletasunekin bat etortzen al da?
Bai. Niri zaletasuna asko zabaldu zait. Garai batean trikiti asko entzuten nuen, euskal musika asko. Panderoa jotzen nuen, txikitatik. Orain jada denetik entzuten dut. Etxerakoan regetoia jar dezaket, edo Pantxoa eta Pello, edo asko gustatzen zaidan 70eko musika… Denetik. Ugaritasun hori oso aberatsa dela uste dut, estilo bakar batean gelditzea baino gehiago.
Jende aurreko presentzia ere ikasi beharko da, ezta?
Elizan urte pilo batean monagillo izan nintzen, eta han ikasi nuen hori. Gu baserritarrak gara, eta orduan oso lotsatiak ginen. Umetan hitz totel ere egiten nuen. Jende aurrean elizan irakurtzeak-eta asko lagundu zidan. Anaia soinuarekin eta ni panderoarekin ere ibiltzen ginen, batetik bestera. Panderoa Eleuterio Tapiarekin ikasi nuen. DJ lan honetan hasteko irrika izan zen, beti eduki dudalako gogoa erromeria bat egiteko. Beti. Eta trikitiarekin fundamenturik nola ez dudan egin, musika jarriz bete dut nire ametsa, astebururo.