Ehunmilak, karrera guztien ama
Ultratrailik luzeenari luzera doitu diote: 171 km ditu, hiru gehiago. Lasterketa bera hala denez, prestaketa ere berezia behar du. Maider Urdangarin ataundarra eta Iñaki Iurrita ormaiztegiarra izango dira partaideetako bai.
Ez da hazi, ez dute ibilbidea luzatu, ez dago aldaketarik aurreko urteetatik. Baina Ehunmilak ultratrailak 171 kilometro izango ditu aurrerantzean, eta ez orain arte bezala ofizialki agertzen ziren 168 kilometroak –ehun milia, hain justu–. Ibilbidearen luzera berriz neurtu, eta doitu egin dute errealitatera. Eta orain arte aitortzen zirenak baino 3 kilometro gehiago eman du. Lehen motza bazen, eranskin horixe gehiago. Psikologikoki ere zamatuko ditu korrikalariak, orain arteko fisikoaz gaindi.
Beste lasterketei, distantziei eta modalitateei ezer kendu gabe, begiak zabal-zabalik uzteko dohaina dauka Ehunmilak probak. Ehun milia pasaren luzera, 11.000 metroren igoera, edo bi egunen eta beren gauen erresistentzia probatzeko karrera da. Master bukaerako doktoretza, hobeto esateko. Hilabetetako entrenamenduak, sakrifizioak eta gogojardunak karta bakarrarekin defendatzeko unea iritsi zaie 455 korrikalariri.
Egitekoaren erraldoiak atzerarazi ditu dagoeneko zenbait, esfortzu eskakizunaren zorrotzak lurreratuko zituen beste batzuk, edo diziplina gogorreneko konstantziaren erritmoak belarriak jaitsaraziko bakarren bati. Eguraldia ere ez dute aproposena izan aurtengo udaberri bukaera eta uda hasieran: freskotik –gauetan bereziki nozitzen da hotza– eta oso umeletik joan da.
Baina, hemezortzi udalerritan barrena eta hamar mendatetan gora-behera, betiko ibilbidea prest dago, ostiral iluntzerako. Zain dute karrera guztien ama.
Lehen aldiaren kezka
Kiroletik adina abenturatik duela ezin uka liteke Ehunmilak probak. Lehenbiziko aldiz ausartu da 171 kilometroko erronkari heltzera Maider Urdangarin ataundarra. Orain arte Goierriko Bi Handiak lau aldiz egina da; iaz, lehen goierritarra izan zen emakumeetan. Baina Beasaingo ultra-zuhaitzaren adar nagusiari begira, «hau jada beste kontu bat da, serioagoa», aitortu du. «Esaten zidaten Beasaingo lagunek probatu beharra zegoela GH2tik Ehunmiletarako jauzia. Lasai egoteko, entrenamendu aldetik ez zegoela holako diferentziarik. Uste horretan hasi nintzen, baina hau exijenteagoa dela konturatu naiz, bai astean zeharreko entrenamenduen luzeragatik –saio luzeagoak egin beharra daudelako–, eta bai, adibidez, gauengatik. Orain konturatu naiz G2Hn gau bakarra dela, eta Ehunmiletan bi. Bigarren gaueko kontuak, sentsazioak edo bizipenak ere kontuan hartu beharra dago. Orain arte polit ikusten nuen, baina ari zaizkit zalantzak sortzen».
Desafioari heltzeko, badira mekanismoak. Ehunmilak ez da berria, eta dagoeneko sortu da halako jakintza bat korrikalarien artean. Lehenengo araua, edozein korrikalditarako ere balio duena den arren, huts egin ezinezkoa: erritmoa. «Lehenengo gauza, erritmoa norberarena mantentzea da, eta buruari eustea». Bigarrena, gorputzaren beharrak asetzea ez ahaztea. «G2Hn ere beti dauzkazu jana eta jana zaindu beharra, baina hemen jada, hainbeste kilometrotan, faktore gehiago sartzen dira: hankak, babak, urradurak, fisikoa…», dio Urdangarinek.
«G2Hn pare bat edo hiru beheraldi izango dituzula aurreikusten dituzu, baina Ehunmiletan bost edo sei baxualditarako prestatzen zara»
Maider Urdangarin. Mendi korrikalari ataundarra
Lasterketa ezohikoak, prestaketa ere ezohikoa behar du. Beste karrera gehienetan prestakuntza orokorrak balio izaten du. «Kasu honetan, ez. Asteburuz asteburu, egundoko exijentzia eskatzen du, ordu pilo bat honetara egon beharra. Abenduan hasi nintzen, helburu bakar honekin, prestatzen. Honetara bakarrik egon naiz ni. Helburu bera dutenekin bukatzen duzu entrenatzen; astebururo, horrela da».
Denez gaindik, edo batera, psikologia. Burua ere ezinbesteko tresna baita halako proba luzeetan «G2Hn pare bat edo hiru beheraldi izango dituzula aurreikusten dituzu, baina Ehunmiletan bost edo sei baxualditarako prestatzen zara». Zer den baxualdi bat? Buru-gorputzek nahi ez dutena eginarazteko agintzea. «Buruari korrika egin beharra daukala sinetsarazi behar diozu horrelakoetan».
Gozamenaren eta sufrimenduaren balantza da kirola, sarri askotan. Are gehiago Ehunmiletan, ahalmenak, esfortzuak eta biltegiak muturreraino zukutzen direnean. «Disfrutatu, sufritu… ea nola ateratzen den. Behin, ondarruar bati entzun nion orain arte berak gehien disfrutatu duen karrera zela. Nola da posible? Ea lortzen dugun gozatu izanaren sentsazioekin bukatzea», dio Urdangarinek. Aurretik, behintzat, helburu pare hau jarri dio bere buruari: «Bukatzera eta disfrutatzera noa».
Arantza ateratzera
Iaz eduki zituen estreinakoaren sabeleko tximeletak Iñaki Iurrita ormaiztegiarrak, aurreneko aldiz atera baitzen Ehunmiletan. Aurten, bigarrenez probatuko du. Ez zuen izan Beasaingo helmugara iristearen asebetetasunarekin borobiltzerik. Etzegaraten erretiratu zen, «buruak» aginduta. «Bero egiten zuen, eta dena pilatu zitzaidan: ezina, nekea, ez nindoan gustura… Buruaren gestioa esaten den hori oso garrantzitsua da. Nahiz eta Lizarrustira arte taldetxo batean joan ginen, hizketan eta eroso, Etzegaratera ailegatzerako banekien handik etxera joango nintzela», oroitu du iazko esperientzia.
Tamaina honetako langintzen aurrean, korrikalari askok eduki ohi dituzten zalantzak izan ditu Iurritak ere. Iaz barruan geratutako «arantza» atera nahi zuen aurten, batetik. Baina duda-mudak eta gora-beherak ere bai. «Azken momentuan apuntatu nintzen. Apiril aldean saturatu egin nintzen mendiarekin, bizikletan gehiago ibili nintzen orduan. Gero, berriz gogoa piztuta, apuntatu nintzen».
«Urdailari garrantzia handia ematen diot. Gauean ondo babestuta eramaten dut. Gogorik ez badut, ez dut jaten»
Iñaki Iurrita. Mendi korrikalari ormaiztegiarra
Prestaketa azken unera arte ezin da utzi, ordea. Urtarrilean hasi zen Iurrita, arantza ateratzearen borondateak gehiago tiratzen zion garaian. «Konpromiso handia eskatzen du prestatzeak, urte guztikoa. Prestatzaile batekin maiatzera arte ibili nintzen; ez nuela egingo erabaki nuen orduan, eta bizikletan ibilita hauspoz-eta ondo egoteak animatu ninduen berriz».
Hori bai, hutsetik ez da abiatu Iurrita. Betidaniko kirolaria da, eta oraindik ere aktibo mantentzen da. «Kirola beti egiten dut, gutxi-asko: Kizkitzara edo Izazpira joan-etorriak, bizikletan… Gure adinean –47–, azkar ere ezin dugunez ibili, erritmo bati eustea da kontua».
Norbere gorputzaren seinaleak ondo ezagutzea da beste trikimailu bat. «Urdailari garrantzia handia ematen diot. Gauean ondo babestuta eramaten dut. Gogorik ez badut, ez dut jaten. Edo beteta badaramat, zerbait sartu behar hori baino nahiago dut ezer ez hartu», azaldu du.
Ehunmilak bukatzearekin pozik litzateke Iurrita.