«Nik uste hau nire azkeneko Ehunmilak izango dela»
Elena Calvillok (Ordizia, 1970) Ehunmilak taldeka egin behar du aurten Koldo Agirre eta Asier Zubeldia lagun dituela. Presiorik ez duela dio, baina urduritasuna bai, eta helburua bukatzea dela. Hala eginez gero, trilogiaren lau modalitateak osatzen lehen korrikalaria izango da. Orain bi urte 52 urterekin irabazi zuen lasterketa.
Aurtengo parte hartzearekin lau modalitateak eginak izango dituen lehen pertsona izango da ordiziarra.
Zerk bultzatu zaitu berriz ere 2024an Ehunmiletan parte hartzera?
Urte dezente daramazkit kirolean eta lasterketetan. Egia da adina aurrera doala eta lehiaketak pixka bat utzita nagoela. Baina Ehunmilak beti tiratu izan dit, eta orain dela bi urte oso zapore onarekin geratu nintzen. Azkenekotakoa izango zela esan nuen, baina gero, azkenean ez da hala izan. Lagun bazkari batean taldeka egingo ote genuen Koldo [Agirre] eta Asierrekin [Zubeldia] hitz egin, eta izen ematera animatu ginen.
Zer desberdintasun espero dituzu bakarka egitetik?
Bakarrik bazoaz, zure gorabeherak begiratzen dituzu. Baina taldeka, zureak eta besteenak ere izango dituzu. Kontrol guztietan batera pasatu behar gara, moldatu egin beharko gara.
Bazenekien lehenengo pertsona izango zarela Ehunmiletako lau modalitateak egiten?
Ez nekien, hori ere beste erronka bat da. Marimurumendi (MMM) egin gabe neukan, eta iaz egitea erabaki nuen hirurak edukitzearren. Oraingoan, ez nuen pentsatu horretan. Gero senarrak esan zidan lehenengoa izango nintzela.
Nolako bilakaera izan du zure entrenamenduak eta prestakuntzak urteetan zehar?
Berdintsu jarraitzen dut. Asko errepikatzen ditut entrenamenduak. Lasterketaren arabera modu batera edo bestera prestatu behar duzu. Aurreko urteetako esperientziagatik, funtzionatu didanarekin entrenatzen dut. Senarrak denak apuntatzen ditu, beraz, erreferentziak baditut eta horiek aprobetxatzen ditut.
Zer estrategia erabiltzen dituzu motibatuta eta sasoian egoteko?
Egun ez dut parte hartzen horrenbeste lasterketetan. Entrenatzen jarraitzen dut, noski, baina lasterketak atzean uzten ari naiz pixkanaka. Baina motibazio hori lortzeko, urtean bat edo bitan izena ematen dut, horrekin nahiko dut. Dagoeneko lasterketa pila batetan lehiatu dut.
Urduritasuna eta presioa sentitzen al dituzu oraindik?
Bai. Presioa ez da berdina, azkenean ez baitut ezer jokatzen. Baina urduritasun puntua badut, errespetua. Esperientziarekin beste modu batera eramaten dut, baina beti dago urduritasun hori. Erronka handia da. Helburua, momentuz bukatzea da.
«Urteak daude kirolaz gozatzeko, ilusioa mantendu behar da»
Baduzu erritual edo errutina espezifikorik lasterketa garrantzitsuen aurretik?
Egia esan ez. Orain deskantsatu egingo dut gehien bat, ondo jan eta mantendu. Normaltasunean eguneroko gauzak egitea.
Zein izan da zure Ehunmiletako unerik gogokoena orain arte?
Orain dela bi urte irabazi nuenean. Ez nuen espero. Gainera, 52 urterekin nire denbora onena egin nuen. Bikaina izan zen.
Zer moduz ikusten duzu zure etorkizuna?
Ez dut helbururik, nahiago dut momentuan momentukoa pentsatu eta erabaki. Adina dagoeneko nabaritzen dut gorputzean. Beharbada maratoiren bat egingo dut. Inguruko lasterketaren bat. Nik uste hau nire azkeneko Ehunmilak izango dela. Entrenatzen ikusten dut gorputzak ez duela berdin erantzuten errekuperatzeko garaian eta jada gorputzari kasu egin beharko diot.
Zer aholku emango zenioke hasiberri bati?
Lasai hartzeko. Urteak daude kirolaz gozatzeko, ilusioa mantendu behar da. Hasieratik ez erretzea komeni da. Gustatzen bazaie, kirola oso polita dela. Lasai gozatu dezatela. Asko entrenatzeko eta lasterketetan ere parte hartzeko, giro bikaina dagoela beti.