Errespetua oinarri nagusia
Ingurumenaren aldeko zaintza da Ehunmilak probaren oinarrietako bat. Erronka garbia metodologiari esker, ingurumenean duen inpaktua murriztuko da.
Proba honen oinarri eta balio nagusietako bat iraunkortasuna eta ingurumenarekiko errespetua da. Zati askotan gune babestuetatik igarotzen dira, eta, beraz, lasterketan esku hartzen duten alde guztiek (antolatzaile, boluntario, ikusle eta partaideek) modu berezian zaindu eta errespetatu behar dituzte ingurune horiek. Antolakuntzak lasterketak natura-ingurunean sor dezakeen inpaktua ahalik eta txikiena izan dadin zainduko du eta zaintzeko betekizuna ezarriko du.
Erronka garbia
Ehunmilak ingurumenaren aldetik iraunkorra den proiektua da, Eusko Jaurlaritzaren Erronka Garbia metodologiaren arabera. Metodologia honen helburua da ekitaldian parte hartzen duten pertsonak eta erakunde antolatzaileak kontzientziatzea ekitaldi jendetsuen garapenari lotutako inpaktu negatiboak arintzeko beharraz. Guztion artean ehunmilak ekitaldi jasangarri bihurtzea da nahia.
Antolakuntzak ahalegin handia egiten du ingurumen arloan probak daukan eragina murrizteko. Hala nola, antolakuntzak baliza berezi batzuk (islatzaileak) erabiliko ditu. Baliza hauek proba hasi baino ordu batzuk lehenago ipiniko dira eta azken korrikalaria pasatu bezain laster kenduko dira. Baliza hauek sostengu edo euskarri naturaletan jarriko dira, eta euskarririk egon ezean, antolakuntzak diseinatutako euskarrien gainean. Partaideek markatutako bidea jarraitu beharko dute, toki horren higadura nahiz hondatzea saihesteko. Gainera, erabiliko diren sprayak biodegradagarriak izango dira.
Karrerako informazioa formatu digitalean emango da, papera ahalik eta gutxien erabiltzeko. Era berean, ekitaldiaren hainbat puntutan, informazio-panelak erabiliko dira.
Likidoa duten ontziak ekiditeko, berrikuntzarako ahalegina eginez, edariak iturrietatik zerbitzatuko dituzte anoa-gune askotan. Uraren kasuan, bidoi handiak erabiliko dituzte eta basoak berrerabilgarriak izango dira. Helburua da ahalik eta hondakin gutxien sortzea.
Mugikortasun jasangarriaren eta iraunkorraren alde, autobus-sare bat jarriko dute parte-hartzaileen, laguntzaileen eta ikusleen eskura, ibilbideko hainbat puntutara joateko eta ibilgailuen erabilera murrizteko.