Sanferminetako txupinazoan jo duten goierritarrak
Iker Zeberio legazpiarrak danborra jo zuen larunbat eguerdian dultzainero taldearekin Iruñeko udaletxeko plazan, sanferminetako txupinazoan. Unai Ariztimuño beasaindarrak dultzaina jo zuen.
Sanferminetako txupinazo egunaren irudi ikusgarrienetako bat da udaletxeko plazan, jaien hasiera iragartzen duen suzia bota ondoren, jendez inguratuta jotzen duten dultzaineroena. Aurten, legazpiar bat izan da musikari horien artean, Iker Zeberio. Bizitza osoan ahaztuko ez duen unea izan dela dio, Iruñetik itzuli eta egun batzuetara, oraindik hunkituta.
Zeberio Legazpiko erraldoien konpartsako kidea da, eta horren kalejiratan askotan jo izan duten Iruña aldeko Doinuzar Gaiteroak taldearen eskutik iritsi zaio San Ferminetako txupinazoan jotzeko aukera. «Oso lagunak gara, eta inoiz jo izan ditut pieza batzuk haiekin. Aurten Iruñean jotzera joan nahi ote nuen galdetu zidan taldeko kide den Asier Caponek, eta baiezkoa esan nion». Legazpiarrak danborra jotzen du, eta danborra jo zuen ia 250 musikariz osatutako talde horretan, entsegu gutxi batzuk egin ondoren. Tartean beasaindar bat ere bazegoen, Unai Ariztimuño, dultzaina jotzen.
Manuel Turrillasen Animo pues da dultzaineroen saio horretan jo zuten pieza izarra. Aurretik sutan dagoen plaza algara huts bihurtzen da abesti horren lehen notak entzun orduko. Ondoren, «ia 50 minutu egon ginen eten gabe abesti bera jotzen!».
Egun osoko festa
Egun osoko plana izan zuen Iruñean Zeberiok larunbatean. Goizean hasi zen, Doinuzar taldeko kideek Kale Nagusian ohiko ‘almuercico’ edo almortzua eginda. Handik zuzenean joan ziren udaletxe atzealdera gainerako musikariekin elkartzera, eta 12:10 inguruan sartu ziren plazara, lehen aldiz jotzeko. «Izugarria izan zen, hainbeste jenderen artean egotea, udaltzainak gu inguratzen eta babesten…». Kalejira egin zuten gero alde zaharrean eta Gaztelu plaza inguruan, eta Doinuzarrekoak Herriko tabernan ere egon ziren jotzen. Bazkaria ondoren, eta festa amaitzeko. Hurrengo eguneko goiz eresira arte luzatu zen Zeberioren eguna.
«Izugarria izan zen, hainbeste jenderen artean egotea, udaltzainak gu inguratzen eta babesten…»
Iker Zeberio. Musikaria
Txupinazo egunekoa esperientzia ahaztezina izan da legazpiarrarentzat, «oso polita izan da», eta oraindik amaitzear dauden jaietan berriz joko ote duen dio, «hala esan ziguten, eta deitzen badidate, gustura joango naiz berriz ere. Gogoz geratu naiz!».
Etxean ere hunkituta bizitu dute musikari gazte honen esperientzia hori, nafar jatorria dutelako.
Musikari polifazetikoa
Danborra ez da Zeberiok jotzen duen musika tresna bakarra. Danborra, sortu berria den Legazpiko Dultzaineroak taldearekin jotzen du, eta hasita dago dultzaina bera ikasten ere.
Gainera, Xaukena elektrotxarangako kidea ere bada, eta hor perkusioa jotzeaz gain, abestu ere egiten du. Talde bereko kide den Ane Arrizabalaga trikitilariarekin panderoa ere jotzen du, «baita trikitia ere batzuetan, trukatzen joaten gara».
Musikarekiko afizioa amonarengatik jaso du, «amona Juanita nafarra zen, eta nahiko folklorikoa gainera, dultzaina eta trikitia asko gustatzen zitzaizkion. Zerbait kutsatu didala esango nuke. Hilda da, baina badakit ilusio handia egingo liokeela ni San Ferminetako txupinazoan plazan danborra jotzen ikustea».