Aita-semeak korrika dabiltza
Ehunmilak trilogiako probak horren gogorrak dira, askok norbaiten konpainia eskertzen dutela. Etxeko norbaitena bada, hobeto. Familian lehiatuko diren bi testigantza jaso ditu GOIERRIKO HITZA-k: Alfonso eta Ricardo Etxanobe aita-seme bilbotarrena, eta Josu eta Asier Sarriegi anaia beasaindarrena.
Ehunmilak, GH2 edo Marimurumendi egiteko hamaika modu daude. Horietako bat, senitarteko batekin egitea da. Hori da Alfonso eta Ricardo Etxanoberen eta Josu eta Asier Sarriegiren kasua. Alfonso eta Ricardo aita-semeak dira eta Josu eta Asier, berriz, anaiak.
Etxanobetarrak bilbotarrak dira. Aita 1966koa eta semea 1996koa. Ehunmilak beraien proba kuttuna da. «Ehunmilen data gorriz markatua dugu egutegian. Derrigor etorri beharrekoa. Proba 2010ean sortu zen, baina 2009an hasi ziren Ehunmilei buruz hitz egiten. Anaia eta biok oso mendizaleak gara eta anaia izan zen Ehunmilaken berri eman zidana. Proba antolatzea ezinezkoa iruditzen zitzaidan eta parte hartzea eta bukatzea, are gehiago. Baina anaiak Beasainera joateko asmoa azaldu zuen. Semea adin txikikoa zen oraindik eta ezin zuen parte hartu, baina bera ere mendizalea zen eta joatera animatu ninduen. Esperientzia oso positiboa izan zen. Biok bukatu genuen. Semea, berriz, gu jarraitzera etorri zen. Proba toki ezberdinetan ikusi zuen antolatzaileek jartzen dituzten autobusei esker eta ondoren helmugan itxaron gintuen».
Ordutik, urtero etorri da Beasainera. «Oso nekatuta bukatu genuen, baina giroa, antolaketa, Goierri orokorrean… asko gustatu zitzaigun. Ehunmilak oso proba berezia da korrikalari amateurrentzat. Beste proba askotan egon naiz, baina inon ez dut halako inplikaziorik aurkitu. Beasain guztiak laguntzen du. Zer esan goizeko ordu txikietan baserri ondoan flana eskaintzen dizun jendeaz? Karpatoetan, Chamonixen… izan naiz, baina ez dut halakorik aurkitu. Anaiak etortzeari utzi zion, baina semea eta biok urtero joaten gara. Hasieran, ezin zuen parte hartu gazteegia zelako. 2016an Goierriko Bi Handiak egin zuen eta 2018tik aurrera Ehunmilak egin du».
Athletic bezain garrantzitsua
Beraien etxean Ehunmilak Athletic bezain garrantzitsua da ia. «Urtean zehar asko hitz egin dugu Ehunmilei buruz: izena eman, prestatu, mediku proba pasa… Urtean zehar proba gogoratzen dizuten mugarriak daude».
Batera abiatzen dira, baina ez dute batera egiten. «Semea ni baino hobeto jaisten da eta ni hobeto igotzen naiz. Bakoitza bere erritmora joaten da, baina batzuetan bidean elkar aurkitzen dugu. Ez gara elkarrekin joaten, baina batak beste gogoan du une oro. Noizean behin mezu bat bidaltzen diogu elkarri edo telefono deia egiten dugu, baina ez dugu inoiz biok batera bukatu. Entrenamenduei dagokionez, asteburutan elkarrekin joaten gara mendira. Eskalatzera ere joaten gara. Astegunetan berak baino gehiago entrenatzen dut. Zaharragoa naiz eta gehiago entrenatu beharra dut».
«Semea ni baino hobeto jaisten da eta ni hobeto igotzen naiz. Bakoitza bere erritmora joaten da, baina batzuetan bidean elkar aurkitzen dugu. Ez gara elkarrekin joaten, baina batak bestea gogoan du une oro»
Alfonso Etxanobe. Mendi korrikalaria
Ehunmilak oso garrantzitsua da familiarentzat, baina Alfonsoren emaztea eta Ricardoren ama ez da inoiz lasterketa ikustera etorri. «Ehunmilak kezka iturria da beretzat. Ez da inoiz joaten. Asko sufrituko lukeela esaten du. Proba luzea den arren, dena kontrolatua dago. Baina emazteak nahiago du etxetik deitu. Proba streaming bidez jarraitzen du eta noizean behin deitu egiten gaitu. Beasainera dortsalak jasotzera bakarrik joan da».
Alfonsok edizio guztietan parte hartu du eta guztiak bukatu ditu, 2022koa ez ezik. «Lasterketa baino bi aste lehenago COVID-a hartu nuen eta ez nintzen behar bezala osatu. Lasterketa ohi baino polikiago ari nintzen egiten, oso nekatuta nengoen eta 88. kilometroan erretiratu egin nintzen. Atseden hartu ondoren, semeari itxaron nion eta azken 15-20 kilometroetan lagundu egin nion. Azken kilometro horiek zein gogorrak diren konturatu nintzen. Bestalde, biok bukatu dugun urteetan, helmugan elkartu garen unea oso polita izan da».
Sarriegi anaiak
Josu Sarriegi beasaindarrak, berriz, anaiarekin egiten du lasterketa. Josu 2001ean jaio zen eta Asier 2003an. Bizitza osoa daramate kirola egiten. Futbola utzi zutenetik, mendira joaten dira. «Ia beti korrika egiten dugu, inguruko mendietan. Ez gara Pirinioetara joaten diren horietakoak. Ez dugu lasterketa askotan parte hartu. Marimurumendin parte hartu genuen eta duela gutxi Leitzakoa egin genuen G2Ha prestatzeko. Nik Marimurumendi duela bi urte egin nuen. Anaiak, berriz, iaz. Aurten, lehenengo aldiz, Goierriko Bi Handiak egingo dugu. Orain arte egin dugun luzeena Leitzakoa (Nafarroa) da. 67 kilometro ditu».
Lasterketak elkarrekin hasten dituzte, baina ondoren bakoitzak bere erritmoan jarraitzen du. «Ni anaia baino esplosiboagoa da eta anaiak nik baino erresistentzia gehiago du. Izan ere, berak nik baino apur bat gehiago entrenatzen du».
Zaletasun bera duen anaia bat edukitzea positiboa dela uste du. «Entrenatzeko orduan, bakarrik joan beharrean, anaiarekin joaten naiz. Bizikletan ere elkarrekin joaten gara. Pikatu egiten gara: nik hau egin dut, nik marka hau egin dut… Familian apustuak egiten dituzte. Gehienek anaiaren alde joaten direla esan beharra dut».
«Amak lasterketetan izena emateari uzteko esaten digu. Urduri jartzen da, zerbait gertatuko zaigun beldurrez»
Josu Sarriegi. Mendi lasterkaria
Anaia gazteago bat dute eta aurki hori ere beraiekin arituko da. «Oraindik futbolean jokatzen du, baina aurten Axari Trailen izena eman du. Bera da itxura onena duena. Gurekin joango dela eta irabazi egingo gaituela esaten digu. Lasai itxaroteko esaten diogu, oso gaztea baita oraindik: 2008koa da. Baina polita izango litzateke, bai, hirurok elkarrekin horrelako lasterketa batean parte hartzea».
Amari ez dio graziarik egiten. «Lasterketetan izena emateari uzteko esaten digu. Urduri jartzen da, zerbait gertatuko zaigun beldurrez. Aitak beti kirola egin du, gure futbol partida guztiak ikusi ditu eta egun lasterketetara etortzen da gu ikustera».
Epe luzera begira, Josu eta Asier Sarriegiren ametsa triatloiak egitea da. «Egun, ikasketekin, ez dugu denborarik. Baina nire ametsa bizitzan behin behintzat Iron Man bat egitea da».