Atzegiko goierritarrak, behar diren 1.600 boluntarioen artean
2014an hasi ziren Ehunmilen asteburuko ostiralean pilotalekuan korrikalariei dortsalak eta materiala banatzen. Aparkalekuen kudeaketan ere laguntzen dute, ostegunetik igandera. Aurten dozena bat boluntario izango dira, baina 30eko taldea ere osatu dute inoiz. Gernika pasealekuko frontoian eta Igartza-Oletako aparkalekuan ariko dira lanean. "Lagunduak izatetik laguntzera pasa" daitezkeela aldarrikatzen dute.
Atzegiko kideek duela urte batzuk hasi ziren Ehunmilak probetan boluntario lanak egiten, eta ordutik ez dute hutsik egiten. Aurten ere prest dago dozena bat lagunez osatutako kuadrilla. Ostiraleko dortsal banaketan egongo dira laguntzen, eta asteburu osoan aparkaleku baten zaintzaz arduratuko dira.
Ion Tapiz da Atzegin boluntariotzara dedikatutako Gure txanda da! programaren arduraduna. Tapizek gogoratu duenez, 2018ko sentsibilizazio kanpainaren leloa izan zen hura, «eta adimen desgaitasuna modu positiboan bistaratzeko helburua izan zuen. Lagunduak izatetik laguntzera pasa gaitezkeela aldarrikatu nahi genuen, gauzak egiteko gaia garela, eta Gipuzkoako parte garela». Mezu hura modu aktiboan zabaldu nahi zuten, eta ekintza ezberdinetan parte hartzeko konpromisoa hartu zuten.
Ehunmiletan 2014tik
Ekintza horietako bat Ehunmilak da, baina horretan, 2014an hasi ziren boluntario lanetan. «Hasieran, Gernika pasealekuko pilotalekuan egoten ginen bakarrik, ostiral arratsaldean, dortsalak eta materiala banatzen. Hamar pertsona inguru egoten ginen». Baina aurrerago zeregin gehiago eman zizkieten, eta aparkalekuetara ere pasa zituzten.
«Zoragarria da. Ehunmilek duten tamaina eta oihartzuna ikaragarria da, festa bat bihurtu da, eta horretan gu parte aktiboa izatea ikaragarria izateaz gain, oso ondo pasatzen dugu»
Ion Tapiz. Atzegiko Gure txanda! programaren arduraduna
Aparkalekuen kontrola egiten dute, eta besteak beste, «baimendutako jendea bakarrik sartzen dela begiratu behar dute, korrikalariek dituzten egiaztagiriak kontrolatuta». Ostegunean hasi eta igandera arte ibiltzen dira aparkalekuen kudeaketan laguntzen, eta ostiralean pilotalekuan ere bai. Lan asko da, eta txandaka egiten dute lan. Goierriko boluntarioak dira nagusiki, eta egon dira urteak 30eko kopurua ere gainditu dutenak.
Boluntarioak ez dira falta
Gustura egoten dira. «Zoragarria da. Ehunmilek duten tamaina eta oihartzuna ikaragarria da, festa bat bihurtu da, eta horretan gu parte aktiboa izatea ikaragarria izateaz gain, oso ondo pasatzen dugu».
Hori dela eta, boluntarioak aurkitzeko arazorik ez dutela izaten azpimarratu du Tapizek. «Urtetik urtera jendea animatzen da, Ehunmilak aipatzen denean, automatikoki ateratzen dira boluntarioak. Hori, disfrutatzen duten seinale da».
Aurten frontoian eta Igartza-Oleta aparkalekuan ariko dira lanean, autokarabanen gunean. Hamar-hamabi izango dira.