Boluntarioen lan ordainezin hori
Ehunmiletako lasterketek 1.600 boluntariorik gora behar dituzte. Era askotako lanak egiten dituzte, Beasainen eta inguruan. Itxaro Mendizabal eta Enrique Idigoras dira boluntariotako bi.
Elastiko urdin argia jantzita, 1.600 boluntariotik gora ibiliko dira lanean aurten Ehunmilak lasterketetan, Beasainen bertan eta lasterketa horiek zeharkatzen dituzten herrietan. Lasterkariak baino gehiago dira boluntarioak, eta antolatzaileentzat, proba horien oinarria eta indargune handiena dira.
Boluntario asko behar dira horrelako dimentsioa eta iraupena duten lasterketetako korrikalariei, haien laguntzaileei eta ikusleei behar bezalako arreta emateko. Antolakuntzak maiatzaren 22an egin zuen boluntarioei zuzendutako deialdia, eta aurten ere, lagundu nahi dutenek eta kirol proba handi hau barrutik bizi nahi dutenek ez dute huts egin. Ostegunean hasi eta igandera arte, Beasaingo herrigunean eta lasterketatako ibilbidean zehar izango dira lanean, korrikalariei harrera egiten, aparkalekuak antolatzen, bidea markatzen, anoa postuetan, bidegurutzeak egiten… eta dena amaitzen denean, guztia jasotzen.
Lan egiten dute, baina gozatu ere bai, eta urtetik urtera, gehienek errepikatzen dute esperientzia. Beasaingo Itxaro Mendizabal eta Legazpiko Enrike Idigoras dira horietako bi. Esparru desberdinetan laguntzen du bakoitzak.
Dortsal banaketan
Itxaro Mendizabal lehenengo urtean bertan hasi zen boluntario lanetan. Ehunmilak egin behar zutela jakin zuen, eta dortsal banaketan laguntzeko eman zuen izena. Ordutik, urtero dabil Alberto Mella senarrarekin batera. Mella, bere aldetik, Bealak atletismo taldeko kideek egiten dituzten bidegurutzeak koordinatzen ditu, baita bidegurutze batez arduratu ere, tren geltoki parean.
Mendizabal dortsal banaketa gunean egon da urte askoan, Gernika pasealekuko pilotalekuan. Korrikalarien motxilak gainbegiratzea zen bere lana, eskatutako material guztia zutela egiaztatzeko. Baina azken bi-hiru edizioetan, dortsal banaketa lanen antolaketa orokorraz arduratu da.
Boluntario gisa lan egiteko izena ematean, non lan egin nahi den azaldu behar da, eta dortsal banaketa aukeratzen dutenei zereginak banatzea egokitzen zaio Mendizabali, eta guztia gainbegiratzea. Ostegun arratsaldean, eta ostiral goizean eta arratsaldean ibiltzen da lanean batez ere, baina aurretik, lanen banaketa hori egin behar izaten du.
Pilotalekuan bertako lana da gehien gustatzen zaiona, hainbeste urtetan han egonda, korrikalariak ezagutzera iritsi delako. «Gune hori polita izaten da, urte batetik bestera etortzen direla ikustea… Gogorra era bai batzuetan, motxilak begiratzen diegunean tira-birak sortzen direlako batzuetan. Derrigorrez eraman behar dutena barruan dutela ikusi behar dugu, eta zerbait falta bazaie, ezin diegu utzi lasterketa egiteko txipa hartzen, eta hor liskar txikiak sortzen dira batzuetan, tentsio uneak izaten dira».
Boluntarioen artean batzuk utzi eta berriak iristen dira, eta azken aldian oso jende gaztea sartzen ari dela dio, horien artean bere bi alabak. Hori positiboa dela nabarmendu du.
Legazpiko boluntarioekin
Ehunmilak probek eragiten duen zirrarak hasieratik gainditu zuen Beasain, eta Legazpiraino iritsi ziren. Bertan bizi da Enrique Idigoras, eta Oazurtza aldeko ibilbide zatiaz arduratzen diren ehundik gorako boluntarioak koordinatzen ditu, Jagoba Martinekin eta lan horietara iritsi berria den Unax Urtegirekin batera.
«Gure ardura urteetan Aizkorritik Oazurtzara arteko zatia izan da, baina iaz Oñatiko talde bat sartu zen Aizkorri-Andraitz tartea egiteko, eta orain Andraitzeko pasotik Oazurtza artekoa da gurea». Bidea markatzea, anoa postuan korrikalarien kontrola, eta amaieran «eskoba lanak» egitea eta garbitzea da lan hori.
Anoa postuak behar ditu boluntario gehien. Ostiral arratsaldean hasten dira Izadi Zaleak elkarteko kideak, karpa muntatzen, eta lehen txanda ere egiten dute, «fruta moztu, sandwich batzuk prestatu, salda berotu… lehen korrikalariak etortzen direnerako dena prest izateko». Ondoren, makina bat txanda egingo dituzte boluntarioek, igande eguerdira arte, hiru ordukoak. Lehena eta azkena luzeagoak dira, eta taldea handiagoa, lan gehiago dagoelako. Txanda arruntetan sei-hamar lagun egoten dira. Udalaren laguntza ere badute, eta materiala igotzeko kamioia, Land Roverra eta atoia, indar sorgailua, mahaiak, zabor ontziak… uzten dizkie.
Oazurtzatik igarotzen diren lehen korrikalariak Goierriko Bi Handietakoak dira, «larunbateko 07:00 inguruan iristen dira, errekorra Aritz Egeak du, eta 06:50ean pasa zen». Azkenak, igande eguerdian pasatzen dira. «Azken urteetan nabaritu dugu korrikalariak ondo prestatuta daudela. Batzuetan egundokoak ikusi ditugu han, ondo ez zeuden korrikalariak eta… Psikologo lanak egitea ere tokatzen zaigu batzuetan, batez ere animoak ematen». Izan ere, Ehunmilak proba luzeko korrikalariak hara iristen direnean, oraindik 20 kilometro dituzte bukatzeko.
«Asteburu osoan sortzen den giroak harrapatu egiten zaitu»
Itxaro Mendizabal. Boluntario Beasainen eta Murumendiko korrikalaria
Boluntario izateaz gain, Mendizabal korrikalaria ere bada, eta aurten Murumendi egingo du igandean, hirugarrenez. Beasaindarra izanik, barru-barrutik bizitzen du Ehunmilak asteburua.
Lasterketa horien inguruan «asteburu osoan sortzen den giroa» nabarmendu du, «harrapatu egiten zaitu». Korrika egitean, bidea ezagutzen duela eta beste korrikalari batzuk ezagutzen dituela ere esan du, eta hori «berezia da».
«Boluntarioak biltzeko ez dugu arazorik izaten Legazpin»
Enrique Idigoras. Oazurtza inguruko boluntarioen koordinatzailea
Telleriarteko Txirrindulari elkartearekin batera hasi zen Idigoras boluntario lanak egiten Oazurtzan, lehen edizioan. Urte gutxitara hartu zion erreleboa Josu Saenz de Nanclaresi boluntarioen koordinazioan.
«Boluntarioak biltzeko ez dugu arazorik izaten Legazpin». Asteburu luzea izaten da, «neketsua», baina «gustura» ibiltzen da. Korrikalariekin hartu-emana eta taldeko giroa gustatzen zaio gehien.
Ehunmilak trilogia osatzen duten lasterketetako korrikalariek bezala, boluntarioek ere izango dute elastiko propioa. Aurten, kolore urdin argia aukeratu dute Ternua markako diseinatzaileek laguntzaile horiek identifikatzeko. Hain zuzen, Maui Blue da urdin argi kolore hori, Ternuako izendegiaren arabera.
Boluntarioen elastikoa gainerako guztiekin batera aurkeztu zuten antolatzaileek, Igartzako jauregian lasterketen xehetasunen berri emateko joan den astean egin zuten ekitaldian. Azken urteetan bezala, Andoni Zubeldia antolakuntzako kideak jantzi zuen, aurkezpenerako.