Ehunmilak lasterketarako prestatzen ari da Beasain
Antolakuntzako kideak etenik gabe ari dira lanean guztia prest izateko. Dortsal banaketa, gaur, arratsaldeko 17:00etan hasita egingo dute, pilotaleku txikian.
Beste urte batez, hemen da Goierriko mendi lasterketa kuttunenetako eta gogorrenetariko bat: Ehunmilak trilogia. Beasain ari da poliki-poliki prestatzen. Gaur goizean goizetik, antolakuntzako eta boluntario taldeko kideak lanean ari dira, kaleko banderolak, plazako muntaia eta Gernika pasealekuko pilotaleku txikiko gunea ipintzeko.
Bihar, ostirala, 18:00etan abiatuko dira lehen lasterkariak, Ehunmilak ultra traileko partaideak, eta 23:00etan Goierriko Bi Handik trailekoak. Horren aurretik, dortsal banaketa egingo da. Gaur eta bihar jaso ahalko dituzte Ehunmilak probako korrikalariek dortsalak, baita Goierriko Bi Handiak proban aterako direnek ere. Lasterketa luzeeneko lasterkariek gaurko 17:00ak eta 20:00ak artean izango dute horretarako aukera. Bihar, berriz, 10:00etatik 15:00etara jaso ahalko dituzte, bi kasuetan Beasaingo frontoi txikian. G2H proban aterako direnek ere gaurko eguna eta biharkoa izango dituzte dortsalak jasotzeko, Ehunmiletako korrikalarien ordu berean. Hala ere, biharko 18:30etik 20:30etara ere izango dute aukera. Marimurumendin mendi maratoian parte hartuko duten korrikalariek, larunbatean eta igandean jaso ahalko dituzte dortsalak. Larunbatean 18:30etik 20:00etara eta igandean 06:30etik 07:30etara.
Iñaki Mozo antolakuntzako kidearekin izan da Goierriko Hitza, lasterketa aurreko prestaketa lanak eta indarrak nola dauden ezagutzeko.