«Paisaia ederrak gogoratzen ditut, eta herritarren energia oso polita zela»
2017an Marimurumendi proba egin ondoren, aurten Ehunmilak proba egingo du Jose Juan Ciccia mendi lasterkari perutarrak. Otsailetik, «ordu asko» entrenatu ditu erronkara «ondo iristeko».
Surfa praktikatzen zuen Jose Juan Cicciak (Lima, 1988), sorbaldetako lesioa izan zuen arte, duela 10 urte. Harrezkero, mendiko distantzia luzeko probak egiten ditu, bere «konfort eremutik» ateratzeko. Ehunmilak-a bukatzea da bere helburu nagusia, «ahalik eta modurik osoenean» helmugaratzea.
Marimurumendi proban parte hartu zenuen 2017an. Ze oroitzapen dituzu? Nola bizi izan zenuen hura?
Paisaia ederrak gogoratzen ditut, eta herritarren energia oso polita zela. Paisaiaren edertasuna paregabea da.
Nola izan zenuen Ehunmilen berri?
Irizar-i esker. Haien bezero gisa, instalazioa bisitatzeko hartu ninduten bertan, karrera egunetik gertu. Trail running-arekiko dudan pasioaz jakitun ziren eta karreran parte hartzera gonbidatu ninduten.
Ehunmilak proban, 171 kilometrokoan, lehenengo aldia izango duzu. Zer espero duzu?
Distantzia horretan lehenengo aldia izango da, eta erronka gainditzea espero dut, euskal mendiez maitemintzea eta kultura eta jendea ezagutzen jarraitzea.
Zergatik erabaki duzu aurten Ehunmilak egitea?
Aurretik egindako ultrak distantzian eta desnibelean gainditzen dituen karrera bat egin nahi nuen. Horrez gain, Europan lehendabiziko aldiz distantzia horretan lehiatu nahi dut.
Nola sentitzen zara? Ze sentsazio dituzu?
Entrenamendu prozesu luzea izan da, otsailetik astean ordu asko erronka honetara ondo iristeko, baina urduritasunak eta emozioak karrera iristen ari denean aparteko antsietatea eta adrenalina sortzen ditu. Uste dut inoiz ez dugula jakingo ultra baterako prest gauden helmuga zeharkatzen dugunera arte.
Ingurunea eta ibilbidea ezagutzen dituzu?
Zerbait oroitzen dut 2017an joan nintzenetik. Gainera, Zegama-Aizkorri mendi maratoia asko jarraitzen dut, eta teknikoki ibilbidearen ideia bat egiteko baliagarriak zaizkidan beste lasterketa batzuk ere ezagutzen ditut.
Zer beharko duzu asteburuan?
Garrantzitsuena atsedena eta elikadura ona dira. Baina, azken finean, lasterketa hauetan %99 mentala da. Kilometroz kilometro aurrera eraman behar den lana buruarekin egin behar da.
«Entrenamendu prozesu luzea izan da, otsailetik astean ordu asko erronka honetara ondo iristeko»
Nola prestatu duzu proba?
Entrenamendu plan bat daukat Civa Endurance Clubarekin, eta asko gustatzen zait entrenamenduak mendiko zein errepideko bizikletarekin uztartzea. Horrez gain, Perun antzeko lur-eremuak bilatu nituen entrenatzeko eta desnibel asko gehitzeko azken asteetan.
Denborarekin etorriko zara inguruak ezagutu ahal izateko?
Atzo iritsi nintzen eta uztailaren 16an itzuliko naiz. Penaz, baina aurten familia eta lanagatik ezingo dut Donostiaz eta lurraldeak duen edertasunaz gozatu.
Goierri gustuko duzu?
Asko gustatzen zait, hau etortzen naizen hirugarren aldia da, eta oraingo honetan zehazki 171 kilometroko lasterketa hau korritzera etorri naiz.
Mendian korrika noiz hasi zinen?
Beti gustatu izan zait kirola, batez ere, aire librekoak. Lehen surfa egiten nuen, eta sorbaldetako lesio batengatik mendia probatzea erabaki nuen, duela 10 bat urte. Harrezkero, nire konfort eremutik aterako nauten distantzia luzeko erronkak bilatu ditut etengabe.
«38 ordutik behera jaistea gustatuko litzaidake, baina horrelako erronketan nahiago dut denborarik ez finkatu eta kilometro bakoitzean zentratu»
Horrelako lasterketak egiten dituzu Perun?
Perun skyrunningekoak dira lasterketak, distantzia pixka bat laburragokoak baina altitude handiarekin. 3.000-4.000 metroko altueretan egiten dugu korrika. Mendi lasterketak kirol berria dira Perun, baina gero eta trail ekitaldi gehiago egiten dira, eta eliteko atletak kanpora ateratzen dira lehiatzera. Europan, 100k Ultra Pirineo proba egin nuen, 130K Transgrancanaria eta Kanadan 160 kilometroko Quebec Mega Traila.
Asko bidaiatzen duzu lasterketak egiteko?
Bai, hiri berriak ezagutzea maite dut, eta mendi berriak ezagutzea naturarekin konektatuta.
Ehunmiletan, zein helburu duzu?
Bukatzea. Abandonu tasa altua duela ikusi dut, eta desnibela ez da batere erraza. 38 ordutik behera jaistea gustatuko litzaidake, baina horrelako erronketan nahiago dut denborarik ez finkatu eta kilometro bakoitzean zentratu, lasterketa ahalik eta modurik osoenean bukatzeko.