Liernin elkartuko dira berriz ere ormaiztegiarrak
Ormaiztegiar askok parte hartu ohi dute urtero, Lierniko erromerian. Doako autobus zerbitzua antolatu du udalak, 12:00etan udaletxetik irtenda.
Ohiturari jarraituz, datorren igandean erromeria ospatuko dute ormaiztegiarrek Lierniko (Mutiloa) ermitaren inguruan. Egun kuttuna dute ormaiztegiarrek eta jende ugari erakartzen du erromeriak. Egun osorako egitaraua prest dute dagoeneko, hainbat ekitaldi daude aurreikusita haurren zein helduen gozamenerako.
Urtero bezala, Ormaiztegiko Udalak doako autobus zerbitzua jarriko du Liernira joateko. 12:00etan aterako da udaletxe paretik. Era berean, oinez igotzea erabakitzen duten herritarrek udalak erreserbatutako kamioia erabili ahal izango dute mahaiak eta aulkiak igotzeko. 11:00etan igoko dituzte eta 19:30ean jaitsi.
Mutiloarrak ere gonbidatuta
Goizeko ekintzen ondotik, herri bazkaria izango da. Aurten herritar talde batek prestatuko duen marmitakoa; haurrentzako makarroiak tomatearekin. Arratsaldean, helduen 16. Toka txapelketa herrikoia jokatuko da, eta haurren bigarrena. Mutiloa eta inguruko herrietako bizilagunak ere gonbidatu dituzte erromerian parte hartzera.