Azken bainua putzu zaharrean
Bihar itxiko dute betiko Lazkaoko kiroldegiko barruko igerilekua. Kiroldegiarekin batera, 1983an eraiki zuten. Sakonera erregulatzeko plataforma-sistema berritzailea zeukan. Berria hilaren 22an irekiko dute.

Berrogeita bat urteko bizialdia asteburu honetan amaituko zaio Lazkaoko Barandiaran Kiroldegiko barruko igerilekuari. Itxi egingo dute behin betiko bihar, eta astebetean zerbitzu hori gabe egon ondoren, aldamenean eraiki duten igerileku-instalazio berria uztailaren 22an inauguratuta hartuko dio erreleboa.
Azken bi egunak dira hauek, beraz, igerileku zaharrean bainu bat hartzeko. Ohiko bezeroak ditu, eta egunero ia garai guztietan ibili ohi da norbait, nahiz uda betea izan eta aire libreko igerilekuak ere irekita egon. Baina igerian egiteko aproposa da, norbere erritmoan luzeak osatzeko, jendetzarik gabeko lasaitasunean.
1983an jarria
Jatorrizko instalazioetatik gero eta gutxiago geratzen zaion kiroldegiaren hasiera-hasierakoa da barruko igerilekua, 1983an eraikia. Joxe Migel Barandiaran antropologoaren izena jarri zioten, eta igerilekuan ere nabari da ukitua: hilarri baten irudia dauka buruan eta erdi-erdian.
Garai hartarako sistema berritzaile bat ere bazeukan: sakoneraren uraren maila gorago nahiz beherago erregula zitekeen igerilekuaren zati handi batean, plataforma hidrauliko baten bidez. Metro erdi sakon, metro bete… adin eta erabilera ezberdinetarako aukera ematen zuen, metalezko xaflak gorago edo beherago kokatuta. «Ez zuen funtzionatu, materiala herdoiltzen zelako eta azpia zikintzen zelako. 1989an kendu zen, eta azkeneko urteetan egon den bezala utzi zen», gogoratu du Jokin Izagirre Kirol teknikariak.
Igeriketa lehiaketak ere egin dira, urte hauetan. Ordiziako igeriketa klubaren menpeko adar bat jardun da beti Lazkaon, hasieran Iñaki Naldaiz entrenatzailearen bitartez. Entrenamenduak zirela edo festetako lehiaketa ofizialak zirela, kirol erabilera oparoa ezagutu du. Igerilari lazkaotarrek bertan entrenatzen dute orain ere. Bien bitartean, egunerokoan mantentze-igeriketarako edo aisialdirako erabili izan da. Neguan ere bai, ura epeltzeko galdara baitauka.
Igerilekua edukitzeak, herriko jaietan igeriketa lehiaketa egitea ahalbidetu dio Lazkaori. Pandemiak eten zuen tradizioa. «Orduan gelditu egin zen, osasun egoeragatik. Bestetik, gero obrekin nola hasi garen, harmailak kendu ziren, eta jendeak ezin zuen ikusten egon; beraz, ez da proba hori egin. Baina mantenduko da igerileku berrian, berreskuratzeko asmoa badago eta».
Waterpoloan ere aritu izan dira. Goierriko taldeak entrenatzeko erabili izan zuen 2004-2005ean, nahiz partidak Ordizian jokatu.
Urpeko kontzertua
Beste bitxikeria baten lekuko ere izan zen, behin. Italian bizi den Alex Mendizabal musikari lazkaotarrak uda batean ur azpiko musika kontzertua jo zuen. Urpean soinu-uhinek zer joera hartzen duten erakutsi zuen. Jendeak ere uretan sartuta entzun zuen.
Kiroldegia eraberritzeko lanen ondorioz, agurraren unea iritsi zaio barruko igerileku zaharrari. Bihar du azkeneko eguna. Datorren astean itxita egongo da –Ordiziako Majori erabil dezakete bazkideek–, aldameneko igerileku berria eta aldagela berriak lotzeko behin-behineko pasabidea eraikitzeko. Uztailaren 22an zabalduko dute oinordekoa.

Joxe Migel Barandiaran antropologoaren izena du kiroldegiak, eta hari keinu eginez hilarri baten irudia dago igerilekuan,