Etxekoentzat lasterketa kuttunena
537 korrikalari daude izena emanda, horietatik 43 emakumezkoak. Gaur 23:00etan abiatuko dira Beasaindik Aralarrera bidean, eta Lizarrustik Etzegaraterako bidea eginda, Aizkorri igaro beharko dute atzera Beasaingo helmugara iristeko.
Gaur, 23:00etan, Beasaingo Loinazko San Martin plazako aldapatik behera, Kale Nagusian behera abiatuko dira Goierriko Bi Handiak (90 km, 5.500 metroko desnibel metatua) mendi lasterketako 537 korrikalariak (44 emakumezko, iaz baino bi gehiago), Aralarrera bidean. Goierriko bi parke naturaletan, Aralarren eta Aratz-Aizkorrin barrena osatu beharko dute korrikalariek ibilbidea, Txindokiko leporaino (gauez) eta Aizkorriraino igota. Aurten gainera, Euskal Herriko ultra distantziako kopako laugarren eta azken proba izango da Goierriko Bi Handiak.
Hiru lasterketen trilogian, proba ertaina, Goierri Bi Handiak, etxeko korrikalarientzat kuttunena dela esan daiteke, parte hartzaile gehienak Goierrikoak eta Euskal Herrikoak izaten direlako. Aurten 98 goierritarrek (hiru emakumezko) hartuko dute parte eta horietatik 46 beasaindarrak dira.
Eta ikusleen artean ere kuttunena dela esan daiteke. Gauak sortzen duen magiarekin, bai Beasaingo irteeran eta bereziki Larraitzen, jendetza elkartzen da korrikalariak animatzeko. Korrikalarien buruko argiek eta Txindokiren magaleko txalaparta doinuek zirrara berezia sortzen duten unea izaten da.
Larraitzen sortzen den zirkulazio eta aparkatzeko zailtasunak direla eta, antolatzaileek Larraitzera autobusez joateko deia egin dute. Beasaindik 23:15ean abiatuko da Loinazko San Martin plazaren goiko aldetik (Esteban Lasa kalea), korrikalariak abiatu eta ordu laurdenera. Itzulerarako bi autobus izango dira: 02:00etean eta 03:00etan. «Autobusez igotzen badira ez geratu azken autobusaren zain, lekurik gabe gera daitezkeelako. Lehentasunaren hurrenkera honakoa da: korrikalaria, laguntzailea, ikusle orokorra», argitu dute antolatzaileek.
Ibilgailu partikularretan doazenen kasuan kotxeak jendez beteta igotzeko gomendatu dute antolatzaileek, eta «garaiz ibiltzeko ibilgailu asko elkartzen direlako bertan». Eta jakina, «han egongo diren arduradunei izan Ertzaintza edo izan antolaketako boluntarioak, kasu egiteko eta hauen gomendioak jarraitzeko».
Mayi Mujika, faboritoa
Kirol arlora itzuliz, faboritoen artean, emakumezkoetan, Oihana Aizkorbebeita, Mayi Mujika urretxuarra, Ane Zabala, Ariadna Casajuana, Raffaella Ciavola eta Cristina Aymerich dira antolatzaileen arabera, eta gizonezkoetan, Ioseba Eskudero idiazabaldarra, Unai Dorronsoro beasaindarra, Iñigo Arantzamendi, Borja Zubizarreta, Pablo Doña eta Iraitz Legorburu.
Mayi Mujikak laugarren aldiz hartuko du parte ostiralean Goierri Bi Handiak Trailean. «Bi aldiz eta erdi egina daukat G2H, hirugarrenean ekaitzagatik bertan behera utzi zutenean 30 kilometro egin genituen eta».
2016an hartu zuen parte lehenengo aldiz: «Lehenengo nire karrera izan zen 2016koa. Bukatzera joan ginen. Berezia da Goierriko Bi Handiak nire lehenengo karrera izan zelako eta sekulako oroitzapenak dauzkadalako. Aurten desberdina izango da, dezente gogorragoa izango da, beste helburu batzuk dauzkadalako».
«Oihana Azkorbebeitia eta biok gaude aurrean, eta Goierriko Bi Handiak honetan erabakiko da»
Mayi Mujika. Korrikalari urretxuarra
Laugarrena berezia izango da Mujikarentzat, Euskal Herriko kopako norgehiagoka Beasainen erabakiko delako. «Oihana Azkorbebeitia eta biok gaude aurrean, eta karrera honetan erabakiko da». Une honetan Mayi Mujika da liderra eta lehia polita ikusteko aukera izango da Goierriko Bi Handiak ultran: «Dena ondo joaten bada, horrela izango da. Orain arteko beste hiru ultretan oso batera ibili gara, eta dena ondo badoa, honetan ere horrela ibiliko gara». Gainera, «orain arte Euskal Herriko kopako lasterketak ultrak izan dira baina 7 ordu ingurukoak. G2H bai, benetako ultra da, gauez izanda… karrera dezente luzeagoa… Alde horretatik ezberdina da».
Beasaingo helmugara noiz iritsiko den galdetuta, honela erantzun du urretxuarrak: «Ez dakit. 2017an 13 ordu eta 54 minutu behar izan nituen amaitzeko. Eta lasai eta ondo iritsi nintzen helmugara. Aurten ez naiz horrela iritsiko. Espero dut denbora hori jaistea, dena ondo joanda. Ultra batean ezin da dena planifikatu. Baina 13 orduren azpitik, espero baietz».
Joxe Etxezarreta, gozatzera
Joxe Etxezarreta segurarrak bigarren aldiz hartuko du parte Goierri Bi Handiak ultran. «Izena ematerakoan itxaron zerrendan gelditu nintzen baina martxoan esan zidaten parte hartzeko aukera izango nuela».
Iazko sentimendu gozoak sentitu nahi ditu aurten ere lasterketan zehar eta helmugan: «Iaz gustura gelditu nintzen ibilbidearekin eta baita ere antolakuntzatik jasotako babesarekin. Aurten berriz ere parte hartzea pentsatu dut. Ez dugu asti handirik hartzen sakon prestatzeko baina gure erritmoan lasai-lasai joaten gara, disfrutatuz, parajeak ikusiz. Itsu-itsuan ez gara joaten denbora egitera. Korrika pixka bat egin beharra dago, baina karrerak beste era batera hartzen ditut nik».
Denborari dagokionean galdetuta, honela erantzun du Etxezarretak: «Iazko helburua erratzak ez eliminatzea zen eta luzekoak ez harrapatzea. Lortu nuen, beraz gustura. Iaz, 19 orduren azpitik egin nuen. Iazko ildo berdintsutik aterako naiz aurten. Ahal baldin bada azkarxeago egitea. Baina egunak berak lagundu behar dizu, eguraldiak, parajeak…».
«Irteera oso polita izaten da, iristen zarenean ere bai. Boluntarioek egiten duten lana eskertzekoa da»
Joxe Etxezarreta. Korrikalari segurarra
Orain arteko eguraldia ikusita, «aurten ematen du iazkoaren aldean, lurra oso bustia edukiko dugula, mina hartzeko arriskua egongo da. Bukatuta ere, hurrengo egunean lanera joan behar naiz».
Segurarrak argi du: «Irteera oso polita izaten da. Iristen zarenean ere bai. Boluntarioek egiten duten lana eskertzekoa da. Etzegaraten egin zidaten harrera ikaragarria izan zen».
Etxe ondotik
Lasterketaren bigarren zatia, Etzegaratetik aurrerakoa, Aizkorri aldea, ezaguna zaio Etxezarretari: «Karreraren bigarren partea, guk uda ardiekin pasatzen dugun menditik pasatzen da, txabolaren ondo-ondotik. Aizkorritik Urbira jaisten hasten zarenean dauden lehenengo artzain txabolak dira gureak. Etxe ondotik pasatzen da karrera eta horrek bultzatu nau parte hartzera».
Momentu berezia izango da hara iristea, «jendea egongo delako, baina behin horraino iritsiz gero, bukatzeko asko falta bada ere, bukatzeko esperantza izaten delako».
Beasain
23:00 (O)
23:00 (O)
Zaldibia
23:30 (O)
00:25 (L)
Larraitz
00:35 (L)
02:30 (L)
Txindoki (Lep)
01:20 (L)
04:00 (L)
Lizarrusti
02:30 (L)
07:30 (L)
Etzegarate
04:05 (L)
11:15 (L)
San Adrian
05:15 (L)
13:40 (L)
Mutiloa
07:45 (L)
18:45 (L)
Beasain
08:50 (L)
21:00 (L)