«Prest egon behar duzu une txarrak pasatzeko»
Ioseba Eskuderok (Idiazabal, 1993) hirugarren aldiz hartuko du parte G2Hn. Gogotsu dago beste behin lasterketaz gozatzeko. 2022an podiumean sartu zen, eta iaz irabazi egin zuen.
Aurreko urtean irabazi zuen Goierriko Bi Handiak lasterketa eta aurten ere parte hartuko du. Asko eta konstante entrenatu du urte guztian zehar.
Zer dela eta parte hartuko duzu G2H lasterketan?
Orain dela urte batzuk boluntario bezala lanean egon nintzen Ehunmilaken. Horrez gain, mendiko lasterketetan ere ibiltzen naiz, motzagoetan. Beti inbidiatan ibiltzen nintzen, noizbait egingo nuela esanez eta, horregatik, Goierrin bertan edukita, izena ematea erabaki nuen azkenean. Orain dela hiru urte egin nuen, nire lehen edizioa izan zen.
Nola deskribatuko zenuke iazko G2H zure esperientzia?
Egia esan oso polita izan zen. Egiten nuen bigarren aldia zen, banuen esperientzia apur bat horrezkero eta bidea ondo ezagutzen nuen. Oso polita izan zen. Gainera, irabazteko aukera eduki nuen. Eta oso berezia izan zen.
Nola aldatu da zure bizitza G2Ha irabazi ondoren?
Egia esan bizitzak berdin-berdin jarraitzen du. Berdin-berdin jarraitzen dut lanean, berdin-berdin jarraitzen dut nire denbora librean, berdin-berdin jarraitzen dut gustatzen zaidana egiten. Beraz esan dezaket, aldatu ez dela aldatu. Bai egia da esperientzia ez duela edozeinek bizitzen eta hori hor gelditzen da, baina hortik aurrera ez du asko aldatzen.
Berriz ere parte hartuko duzu aurten, baduzu zure titulua defendatzeko presioa?
Aurten ere parte hartuko dut bai, irteera marran behintzat hortxe egongo naiz. Gogoa badut, animatuta nago egia esan. Nahiko ondo eramaten ditut horrelako egoerak. Ez dut batere presiorik. Lasai nago, gogotsu eta berriz ere karreraz gozatzeko aukera izatea espero dut. Oso lasai noa.
«Ez dut ezer berezirik egin. Behar den bezala prestatu, besterik ez»
Zer egin duzu lasterketarako?
Urtero bezala, asko prestatu naiz. Azken finean distantzia hori ez da broma bat. Asko entrenatu dut, oso konstante batez ere. Egin beharrekoa egin dudala iruditzen zait lasterketara sasoian iristeko eta modu onean bukatzeko. Ez dut ezer arrarorik egin, behar den bezala prestatu, besterik ez.
Buruak zer nolako garrantzia dauka lasterketa honetan?
Fisikoa bada noski, baina buruak ere pisu handia du. Oso psikologikoa da. Hamar-hamaika orduko lasterketa bat da, buruak lan ikaragarria egiten du. Prest egon behar duzu une txarrak pasatzeko, etorri behar direla badakizulako. Eta gestionatzeko ere, bai presioa, bai lasterketan zehar norbaitek aurreratzea, alde egiten dizula… Bai, oso psikologikoa da. Esfortzuaren %70a psikologikoa dela esango nuke nik gutxienez.
Zer moduz eramaten dituzu bezperako urduritasunak?
Bi aste lehenago oraindik lasai egoten naiz. Baina gero, pare bat egun falta direnean badatoz nerbioak, normala da. Ona da hori, adrenalina edukitzeko. Horretarako lasai egoten saiatzen naiz, ezer berririk ez dut egiten. Lasai egon eta ahal den moduan pasatzen ditut egunak.
«Abuztu bukaeran Italiara joan naiz Euskal selekzioarekin. Pozik nago eman didaten aukerarekin»
Lasterketa ondorengo egunak nolakoak izaten dira?
Neke dezente edukitzen dugu. Esan dudan bezala, ordu askoko lasterketa da eta muskularki asko nekatzen du. Gainera, gauez izaten da lasterketako momentua eta azkenean gaupasa egiten dugu. Muskularki, hankak eta beste, asko nekatzen dira eta buruz ere nekatzen gara. Baina pixkanaka, lo eginez eta lasai ibiliz, joaten gara errekuperatzen. Baina nekea ez da joaten hala nola bi egunetan, kostatzen zaigu pixka bat indarrak berritzea.
Pentsatu duzu zure hurrengo erronka zein izango den?
Abuztu bukaeran Italiara joango naiz, hango lasterketa bat egitera. Skyrunning World Serieseko lasterketa bat da, Trofeo Kima izena duena, 55 kilometrotakoa. Eta hara joango naiz Euskal Selekzioarekin lehiatzera. Gogotsu nago, aukera polita da, premio edo sari polita eta pozik nago aukerarekin.