Itzuli aurretik, bazkaria egin dute Ateak Irekiko gazteek eta familiek Ordiziako Plaza Nagusian
Ekainaren 22an iritsi ziren Ateak Ireki egitasmoko gazte estatubatuarrak Goierrira. Hiru astez euskal kulturan murgildu ondoren, bihar itzuliko dira.
Batzen Euskal Komunitatearen Proiektu Dinamikak, N.A.B.O North American Basque Organizations-ek eta Goieki Goierriko Garapen Agentziak sustatutako Ateak Ireki egitasmoan parte hartu duten gazteek zein haiek etxean hartu dituzten Goierriko familiek bazkaria egin dute elkarrekin Ordiziako Plaza Nagusian. Gaur dute azken eguna, eta agur-jaialdiaz gozatzen ari dira. Arratsaldean, trikitia, dantzaldia eta musika izango dituzte Plaza Nagusian bertan.
Ekainaren 22an heldu ziren aurten etorri diren 30 gazteak Goierrira. Lazkaoko plazan harrera egin zieten. Hiru astez euskal kulturan murgildu dira gazteak, etxean hartu dituzten familien eskutik. Bertako familiekin bizitzeaz gain, euskara klaseak izan dituzte, bertsolaritza, literatura edota dantza landu dituzte, eta mitologia, gastronomia, kirolak, industria, kooperatibismoa eta nekazaritza ezagutu dituzte gertu-gertutik.
Tolosan izan ziren San Joan egunez, euskal dantzen inguruko ikastaroa izan zuten Beasainen, Ataunen, Ordizian eta Seguran izan ziren, sagardotegi batera joan ziren, Iruñea bisitatu zuten, baita Nafarroako Legebiltzarra ere, Lazkaon ihes-gela egin zuten, herri kirol, sukaldaritza eta pilota tailerrak izan zituzten, Gernikako Batzarretxea bisitatu zuten, Gaztelugatxe ere bai, Irizar kooperatiban izan ziren… hori guztia euskara-eskolekin eta familiekin egoteko egunekin uztartuta. Hiru asteei zukua atera diete eta barneratutakoarekin eta egindako harremanekin itzuliko dira. Hogeita hiru egun pasa dituzte Euskal Herriko kulturaz blaitzen, eta bihar AEBetara bueltatuko dira.
Euskal komunitatea saretzeko
Iaz ere egin zuten Ateak Ireki, Goierriko familiek beren etxeko ateak Ipar Ameriketako euskal jatorria duten neska-mutil gazteei irekitzea helburu. Erantzuna ona izan zen antolatzaileen esanetan -37 gazte etorri ziren-, eta aurten errepikatu egin dute, 30 gazte estatubatuarren parte hartzearekin eta Goierriko hainbat familiaren laguntzarekin.
Egitasmoaren helburua euskal komunitateko gazteak saretzea da, elkar ezagutza indartzea eta trukea sustatzea.