«Nik neure burua ikusteko eman dut izena. Sufritzeko»
Maitane Mendez (Mutiloa, 2006) Marimurumendin parte hartuko duen gazteenetarikoa izango da. Prestakuntza berezirik gabe, bere lehenengo maratoia izango da. Ahal duen guztia egingo du.
Lehen aldiz Marimurumendi (MMM) egingo du aurten, baina prestatzeko ez du astirik izan. Etorri berria da Granollerseko (Herrialde Katalanak) eskubaloi torneotik. Ez dago ziur bukatuko duen baina saiatuko da.
Nolatan egingo duzu MMM?
Nik nire burua ikusteko eman dut izena. Sufritzeko.
Zure lehenengo aldia al da Marimurumendi proban?
Bai, baina bukatu edo ez bukatzetik aparte, berriz ere izena emango dudala uste dut. Esan dudan bezala, gustuko dut sufritzea.
Zer dela eta parte hartuko duzu lasterketan?
Lehenik nire gurasoen lagun batek parte hartzeko intentzioa zuen, baina bakarrik ez. Berarekin egingo nuela esan nion, laguntzeko asmoarekin.
Korrikalaria ahal zara izatez?
Ez naiz korrikalaria. Berez eskubaloian hobetzeko egiten dut. Baina betidanik gustatu izan zait.
Baina atleta izandakoa zara.
Behin Eskola Kirolan pisu-jaurtiketan parte hartu, marka ona lortu eta klasifikatu egin nintzen. Finala Realekoen eta beste ekipo oso onen kontra izan zen. Inoiz ez neukan halakorik eginda, ez nuen entrenatu, baina pisua hartu, bota, eta haiek baina urrutiago bota nuen. Hala irabazi nuen. Baina ez nuen jarraitu kirol horrekin.
Nola ikusten duzu zure burua?
Pixka bat berde ikusten dut, egia esan. Zerbait entrenatu dut, baina ez behar den bezala. Ez dut denborarik eduki, selektibitatearekin eta eskubaloiko torneoarekin. Ahal dudan guztia egingo dut, eta berriz egiten dudanean hobeto prestatuko naiz.
Nola prestatu zara?
Prestatzeko, etxe ondoan bertan dagoen mendia igotzen aritu naiz.
«Pisu gutxi eramatea ezinbestekoa da. Nahikoa izango dut ni neu eramatearekin»
Egin al duzu bidea noizbait?
Oraindik ez. Aste honetan joango naiz lagun batekin. Aldapak nolakoak diren ikusi nahi dut. Korrika lasaian egingo dut, orain ez baita komeni asko nekatu eta kargatzea.
Zein dira zure beharrezkoak lasterketarako?
Pisu gutxi eramatea ezinbestekoa da. Nahikoa izango dut ni neu eramatearekin. Ura eramango dut, baita gatz, mineral eta horrelakoak. Bide luzea izango da eta nire lehen aldia izanik, asko gastatuko dut, normalean baino gehiago.
Ze eguraldi duzu nahiago?
Euria da gehien gustatzen zaidana. Beroa ez dut jasaten, txarra naiz tenperatura altuekin.
Lokatzak ez al zaitu kezkatzen?
Lokatzetara ohituta nago, ondo aritzen naiz etxe ondoko mendian. Gustatzen zait gainera, askoz ere dibertigarriagoa da. Erortzekotan lokaztuta jarraituko dut, askotan pasatu izan zait. Ez nau bat ere ez larritzen.
Non moldatzen zara ondoen, aldapa gora edo behera?
Aldapa behera askoz nahiago dut. Baina horrenbeste kilometrorekin, aldapan gorak eskertuko ditut. Belaunak hala nola geldituko baitzaizkit dena behera izanda.
Zer moduz eramaten duzu urduritasuna?
Oso urduri nago. Beldurtuta. Baina nekatzen hasita, buruak bakarrik arnasa hartu eta aurrera joatean pentsatuko du. Orduan urduritasunak joango zaizkit.
Buruak zer nolako garrantzia dauka lasterketa honetan?
Burua da garrantzitsuena dudarik gabe. Fisikoa baino askoz ere garrantzitsuagoa da. Burua ez badoa ondo, gorputza oraindik gutxiago.
«Ikustera joan naizenean sekulakoa da bertan biltzen den jendea»
Zer egiten da zailagoa, lasterketa bera ala aurreko prestakuntza?
Prestakuntza eguneroko gauza da. Garrantzitsua eta gogorra da. Zorrotz jarraitu ezean ez du askotarako balio. Lasterketa ere inportantea da. Elkarrekin doaz.
Zer izango da politena?
Jendea. Ez dut inoiz parte hartu halako batean, lasterketa motzagoetan bai. Baina uste dut jende mordoa egongo dela. Ikustera joan naizenean sekulakoa da bertan biltzen den jendea. Horrek gehiago animatuko nau egitera, hori espero dut behintzat.
Eta zer egingo zaizu gogorrena?
Gogorrena, 30. kilometrora iritsi ezkero nire burua izango da. Hor hankak ezetz esango dute, eta buruak jarraitu nahi izango du. Edo alderantziz.
Lasterketa bukatu eta gero, zer izango da egingo duzun lehenengo gauza?
Lehenengo gauza txuleta bat jatea izango da.
Eta ondorengo egunetan.
Lasai egongo naiz. Aitari oinetako masajeak emateko esango diot. Deskantsatzen pasako ditut.
Pentsatu duzu zure hurrengo erronka zein izango den?
Gustua hartzen badiot, datorren urtean berriz egiten saiatu eta benetan ondo prestatzen saiatuko naiz, ehuneko ehunean.