Senide txikiena bai, baina txikia ez
Igandean jokatuko da Marimurumendi mendi maratoia 8. aldiz. Mutiletan hautagai argiak daude, nesketan irekiagoa dago lehia.
Bi lasterketa erraldoi nahikoa ez, eta hirugarren bat karteldegian jartzea erabaki zuten Ehunmilak ultra-trailaren antolatzaileek 2015. urtean. Asteburuaren igandean sumatzen zuten hutsunea betetzeko Marimurumendi mendi maratoia sortu zuten, eta aurten VIII. edizioa jokatuko da, 2020ko eta 2021eko hutsuneen ondoren.
Trilogiaren senide txiki eta gazteena da, baina inolaz ere ez da bigarren mailako proba bat. Mendi maratoi bat da –42,195 km eta 2.300 metroko desnibel positiboa–, eta ez da gutxietsi behar haren gogortasuna. Mendikoa izan arren, proba korrikalaria da: %5 asfaltoa, %35 pista eta gainontzeko %60 mendi bidea.
Beasaingo Loinazko San Martin plazan hasi eta bukatzen da proba, eta tartean Usurbe, Murumendi, Izazpi –ibilbideko puntu garaiena maratoiaren erdian– mendien tontorrak zapalduko dituzte korrikalariek. Agortako, Pagorriagako, Kizkitzako eta Atxurtzako parajeak ere zeharkatuko dituzte. Bukaera ez du samurra, Mandubiatik Arriaranera jaitsi eta atzera Agortaraino igo beharra baitaukate kirolariek.
Proba 08:00etan abiatuko da, eta 16:00etarako bukatu. Hiru puntutan kontrolatuko dute bereziki igarotze denbora: Atxurtzan (18 km, 3h20), Arriaranen (30 km, 6h) eta Beasaingo helmugan (42 km, 8h). Puntu horietara denbora tarte horren barruan iristen ez diren korrikalariek ezingo dute lasterketan jarraitu.
Partaidetza eta hautagaiak
Aurreneko sei edizioetan 250 eta 265 korrikalariren artean jarri zuten partaidetza muga antolatzaileek, baina iaztik 350 korrikalaritan dago langa. Gazteen partaidetza nabarmena da aurten ere, askok baliatzen baitute Marimurumendi G2Hren edo EHMren lehen probaldi modura. 287 partaide gizonezkoak izango dira, eta 63 emakumezkoak. Neskak hamar gutxiago izango dira aurten.
Emakumezko kirolariak aipatuta, hutsune nabarmen bat izango du aurtengo probak. Irati Zubizarreta beasaindarra, iazko probaren irabazlea eta errekorraren jabe dena –4:23:08, iaz–, ez da irteeran izango da lesio batetik osatzen ari baita. Antolatzaileek hautagaien zerrendan zuten noski, eta harekin batera Sarah Ugarte Tolosan bizi den donostiarra eta Davinia Corrales espainiarra. Errekordunaren faltan, lehia irekia izango dela ondoriozta daiteke.
Mutilen proban bestelakoa da egoera. Azken hiru edizioetan Top-5ean sailkatu den Martin Mc-Gragh zamudioarra –iaz bigarren, 3:47:23–, lehen aldiz Beasainen ariko den Owen Davies britainiarra eta Samuel Davila venezuelarra dira hautagai nagusiak. Azken bi edizioetan ez du Marimurumendin lehiatu Davilak, baina oso kontuan hartzeko izena da, hura baita probaren errekorraren jabea –3:29:18, 2019an–.
Zunzunegi estreinakoz
Irabazteko hautagaien artean jartzea ausart samarra izan badaiteke ere, postu eta denbora txukuna lor dezakeen korrikalari bat Aitor Zunzunegi Tapia da (Legorreta, 2000). Lehen aldiz parte hartuko du Ehunmilak trilogiaren probetako batean. «Orain arte beste gauza batzuetan ibili naiz, eta aurten printzipioz ez nintzen parte hartzeko. Azkeneko momentuan sortu zitzaidan aukera, eta gogoarekin nago».
Zunzunegik ez zuen izenik eman Marimurumendirako, denboraldi hasieran karrera dezente zituelako eta bere buruari esana ziolako uztaila lasai hartu nahi zuela. Zegaman aldatu zen dena: «Gastroenteritis bat dela eta ezin izan nuen egin. Atera nintzen, baina 40 minutu bakarrik iraun nuen». Hala, Ehunmiletako antolatzaileekin harremanetan jarri, pasa zitzaiona azaldu, eta ea maratoian lekurik izan ote zezakeen galdetu zien: «Baietz esan zidaten, eta oso pozik nago, oso eskertuta. Fisikoki fresko nago, eta goierritar bezala ilusioa egiten dik parte-hartzeak».
Euskal selekzioarekin lehiatu izan da legorretarra, azkena Madeiran (Portugal), ekainean, beste bi goierritarrekin, Ioseba Eskudero idiazabaldarrarekin eta Lide Urrestarazu ordiziarrarekin: «Niri ez zitzaidan lasterketa onena atera, baina bukatzea lortu nuen. Esku oso-oso ondo, eta Lidek erretiratu behar izan zuen orkatilako bihurritu batekin».
«Lokatz handirik ez badago eta eguraldi sanoa egitea badu, lau orduak ondo jaistea da nire helburua»
Aitor Zunzunegi Tapia. Mendi korrikalaria
Izazpi aldera horrenbeste ez, baina Legorretatik Murumendi eta Pagorriaga ingurura askotan joana da entrenatzera Zunzunegi. «Lasterketa hau agian ez da hobeto egokitzen zaidana, oso-oso korrikalaria da, baina hemen entrenatzen dudanez, ilusioa ere egiten dit: Beasaingo plazan sartzea, bertako jendea, ikusle asko ezagunak… Ibilbidea kasik begiak itxita egiteko modukoa da niretzat».
Elkarrizketan ez du inolako momentutan esan nahi izan aurrean ibiliko denik. Hauxe da legorretarraren helburua: «Printzipioz ahalik eta denbora onena egitea. Lokatz handirik ez badago eta eguraldi sanoa egiten badu, ahalik eta azkarrena korrika egin, eta lau orduak ondo jaitsi. Hortik aurrera ikusiko da besteek zenbat korrika egiten duten. Horren arabera egongo da postua. Ea 3:50en bueltan ibiltzen naizen, eta horrek balioko duena balioko du».
Lehen maratoia du Duranek
El Ejidokoa (Almeria, Espainia) da Laura Duran Valverde, baina Marimurumendirako izen-ematea ireki zutenean Olaberrian zegoenez, herri horretakoa balitz bezala dago erregistratuta. Orain hogei urte inguru izan zuen lehen harremana Goierrirekin, haren bikotea zena lan kontuengatik Olaberrira iritsi zenean: «Ni hamabostean behin-edo etortzen saiatzen nintzen, eta Idiazabalen etxea ere erosi genuen. Hura bukatu zen, baina orduan egindako harremanei eta lagun onei eusten diet oraindik».
«Nire lehen mendi maratoia da, baina argi daukat helmugara iritsiko naizela, seguru nago horrekin»
Laura Duran Valverde. Mendi korrikalaria
EHMko lasterketarik ez du aurrez aurre ikusi, baina bideoak bai: «Hango [Goierriko] lagunek bidali izan dizkidate, eta ilusio handiarekin nago aurten parte hartu ahal izango dudalako». Maratoiaren ibilbidea «bere horretan» ez du ezagutzen, baina «zati batzuk bai», Goierrira etortzean oinezko ibilbide dezente egiten baitituzte. Txindokira eta Aizkorrira ere igoa da.
Umetatik atletismoa ibilia da Duran, eta orain bi urte hasi zen mendi lasterketetan. «Ditudan sentsazioak ikaragarriak dira, oso gogotsu nagoelako. Nire lehen mendi maratoia da, baina argi daukat helmugara iritsiko naizela, seguru nago horrekin». Ostiralean iritsiko da, eta beste bi lasterketak ere ikusiko ditu.