Ataungo X. Gau Ibilaldi Mitologikoa iruditan
Aurtengo Mitoaldiari bukaera emateko, Jentilbaratza kultur elkarteak antolatutako X. Gau Ibilaldi Mitologikoa egin dute Ataunen. Albiste barruan ikus ditzakezue ikuskizuneko argazkiak eta bideoak.
Ataun San Gregorioko Barandiaran Museotik abiatu eta Agauntza errekaren ondotik San Martin auzorainoko herri bidean egin dute aurten ere X. Gau Ibilaldi Mitologikoa, Jentilbaratza kultur elkarteak antolatuta. Bi txandatan banatu ziren 1.200 ikusleek egunez hasitako ibilaldia ilunpean amaitu zuten, eta gaua gauezkoentzat dela konturatzeko aukera izan zuten.
Aspaldiko euskal kondaira den hiru anaien kontu zaharra antzeztu zuten herri bideak eskaintzen dituen txoko ederrak aprobetxatuz. Ibilbidean, izaki mitologikoak ere azaldu ziren: Lamiak, Marimunduko eta sorgin taldea, Torto, jentilak eta herritarrak.
Joxemiel Barandiaranen bizitzako pasarte bat ere antzeztu zuten. Gauerdi inguruan, ikuskizun handi batekin bukatu zuten San Martingo plazan.
Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiote ikusle eta laguntzaile guztiei, eta Ataungo herritarrek eskainitako laguntza apartari ere aitortza egin nahi diote.
BIDEOAK: Gotzon Aranburu
ARGAZKIAK: Ekaitz Zilarmendi Urrutia