Haurrentzako irakurketa klubak hasiko dira urritik aurrera Legazpiko Udal Liburutegian
Legazpiko Udalak irakurketa klubak abiaraziko ditu. Haurrentzako irakurketa sustatuko duen jarduera izango da. Helburua sormena eta irudimena sustatzea da, talde dinamiken bidez, eta lexikoa eta adierazpen moduak hobetzea.
Irakurketa klubak martxan jarriko ditu Legazpiko Udalak. Haurrentzako izango dira, irakurzaletasuna sustatzeko jarduera gisa. Izen ematea irailean Udal Liburutegian, parte hartzea doakoa da. Irudimena eta sormena sustatzea du helburu eta talde-dinamiken bidez, lexikoa eta adierazpen-moduak hobetzea.
Bitartekari baten laguntzarekin mailaren arabera antolaturiko bi talde eratuko dira. 2024/2025 ikasturtean LH3 eta LH4 mailetan ibiliko diren haurrentzat dago zuzendua eta beraien kabuz etor daitezen hobesten da. Liburuekiko grinak bizirik mantentzea da helburua. Letren harietatik jolastuz eta liburuak, poemak, komikiak, aho-korapiloak eta eskulan-literarioak aitzakia hartuta, irakurmenari eutsiko diote. Irakurketa plazer iturri bezala ulertzeko jolas andana burutuko dituzte.
2024ko urritik 2025eko apirilera bitartean egingo dira saioak. Hilean bat. Hauek dira aurreikusi diren datak (astelehenak): urriak 7, azaroak 18, abenduak 16, urtarrilak 20, otsailak 17, martxoak 17 eta apirilak 28. Saioen iraupena 45 minutukoa izango da eta lehenengo taldeak, 16:45ean hasi eta 17:30ean bukatuko du. Bigarren taldeak 17:35ean hasi eta 18:20an bukatuko du. Haurrak garaiz iristea eta jasotzea eskatzen da. Gurasoek/tutoreek harremanetarako telefono-zenbaki bat eman beharko diote liburutegiari, abisuak eman ahal izateko.
Saioek bibliografia bat dute oinarri. Liburu horiek liburutegiak banatuko ditu, haurrek saiorik saio liburu bat etxera eraman dezaten. Saioan zehar liburu hori aurkeztu eta irakurri dezaten bidea erraztuko zaie, eta hurrengo hilabeteko saiorako irakurrita ekarriko dute. Etxera eramateko liburu horiez gain, beste hainbat liburu aurkeztuko zaie. Askotariko obrak ezagutzeko eta dastatzeko izango baita espazio hau.