Legazpi Work it Out 2024aren parte
Aurten Legazpik esku hartuko du milaka dantzari batzen dituen ekitaldian. Ondare industriala duten Europako 11 herrialdetako 32 lekurekin batera.

Datorren irailaren 8an, “Work it Out” nazioarteko dantza-ekitaldia egingo da, Industria Ondarearen Europako Ibilbidea izeneko elkarteak antolatuta.
Work it Out-aren helburua industria ondarearen garrantzia zabaltzea da. Aurten, Legazpik ospakizun horrekin bat egin nahi du, bertako ondarea munduari erakusteko: Mirandaola, Chillida Lantokia eta Legazpiko beste hainbat gune interesgarri.
Parte hartzera animatzen direnek koreografia erraz bat ikasi beharko dute. Uztailaren 15ean arratsaldeko 17:30etan ikastolan egingo da lehenengo entsegua. Ondoren, bideoa grabatzeko data bat adostuko da. Bideo hori sare sozialetan zabalduko da, beste herrialde parte-hartzaile batzuetako bideoekin batera, irailaren 8an.
Ekitaldia urtero egiten da 2018tik. Bertan, Europako 15 herrialdetako 3.500 dantzarik baino gehiagok koreografia bera interpretatzen dute industria-ondare garrantzitsuagatik nabarmentzen diren hainbat tokitan.