«Unean unekoa bizi eta gozatu nahi dut, gerora begira ez naiz egoten»
Denboraldi bikaina ari da osatzen juniorretako azkena Kepa Ormazabal Galdos (Gabiria, 2006). Itzuli bat ere bereganatu du. UCI mailako Valromeyko Tourretik mailatuta itzuli da, eta Iruñerriko Itzulia hasiko du bihar.
Gipuzkoako Klasikoan erakutsi zuen aurpegia lehenengo, tarteko helmugak irabazita. Anoetan lortu zuen aurreneko garaipena, eta Gipuzkoako Itzuliko etapa hurrena. Kantabriako Zirkuituan etapa eta nagusia bereganatu ditu. Gipuzkoako Selekzioaren parte, Alpeetan izan da, Valromeyko Tour entzutetsuan. Juniorretan gozatzen ari da, eta afizionatuetan jarraitu nahi luke.
Zein dira bolada onaren giltzak?
Orain arte sekula bizikletan bakarrik zentratu gabe nengoen, beti futbolarekin edo beste kirolen batekin uztartzen bainuen; bigarren mailan bezala neukan. Iaz gustura ibili nintzen, gogoa handitu zitzaidan, aurten garbi nuen urte polita egitera aterako ginela. Urtea hasieratik ondo prestatu dut, eta emaitzak ikusi dira. Lortu ditugun garaipenak horren emaitza dira.
Noiz erabaki zenuen kirol arloan txirrindularitzara bakarrik dedikatzea?
Ikasketak ere eduki ditut tartean, baina kirolean iazko martxora arte futbolean ibili nintzen, Seguran. Hamar urte egin nituen han, aurreko erdilari jokatzen nuen. Oraindik ere futbola izugarri gustatzen zait, baina jada bizikletak jan dio postua. Txirrindularitzak duen eskakizun bat beregan bakarrik zentratzea da. Iazko irailean erabaki nuen, familiako osasuna, ikasketak, notak ere tarteko zirela. Dena ezin da. Entrenatzaileekin bileratxo batzuk egin nituen, helburuak argitzeko. Kostata, baina bizikletari aukera hau ematea erabaki nuen. Oraingoz, ez naiz batere damutzen.
Aldatu duzu zerbait? Entrenamendu saioak, elikadura…
Zaintza aldetik, garbi jaten saiatzen naiz, baina burua gehiegi estutu gabe. Entrenatzaileak jarritakoa egiten saiatzen naiz, horretan oso alemaniarra naiz; aitarengandik ere hala hezita nago: esandakoa ondo osatu. Gorputzez garatuxeago nabaritu dut neure burua, hauspo gehiagoz, indar handiagoz. Hasiera besterik ez da hau, baina gustura nago ikusitako garapenarekin, horrela bide onetik doalako. Baina ez gara oso altu jarriko, edozein unetan agertzen baita zuloa.
Anoetako lehen garaipenak zer sentimendu eragin zizun?
Ez nuen sinisten bukatutakoan. Nire lehenengo garaipena izan zen, sekula besoak jaso gabe nengoen aurretik. Izugarria izan zen. 45 kilometroren faltan ikusi nuen aukera. Beti gustatu izan zait erlojupean edo bakarkako probetan ibiltzea. Nire buruari aukera bat emango niola pentsatu, eta aurrera jo nuen. Azkenean, ondo atera zen.
Aurpegia lehenago ere aterata zenbiltzan, ordea: Gipuzkoako Klasikoan, nazioarteko tropelean eta bi egunean, tarteko helmugak irabazita.
Horrelako probetan zure tokia bilatu behar duzu. Datorren urtean profesionaletara edo bigarren mailara doan jendea zegoen; eta zerbaitengatik doaz. Haiekin norgehiagoka ezin duzu hasi. Jon Ander Intsausti entrenatzaileak esan bezala, garrantzitsuena izena erakustea da. Gure aukera tarteko helmugena zen; gorputzaldi ona sentitu nuen bi egunetan, eta talde osoaren laguntzaz, lortu genuen. Aurretik pentsatuta generaman.
Andoainen, ekainaren 23an, Gipuzkoako Itzuliko bigarren etapa lortu zenuen. Aurkari oso indartsuak zeuden han ere.
Klasikoan baino askoz maila txikiagoa zegoenik ez nuke esango. Eguna ere gure alde atera zuen: euriarekin ondo moldatzen naiz. Oso etapa gogorra izan zen han ere, hasieratik. Bidea sigi-sagatsua zen, erorketak saihestea loteria bat zen. Kanporaketa bat bezala zen, atzean geratzen zena, kito. Denak nekatuta gindoazen, baina taldea murriztuta zegoen, eta zirt edo zart egitea pentsatu nuen. Normalean erabiltzen ez dugun belarriko entzungailutik zuzendariaren agindupean izan zen; asko laguntzen du horrek.
Egunetako itzulietan ere balioa erakutsi duzu, Zirkuitu Kantabriarra irabazita.
Konstantzia ibilita lortzen da. Itzuliek bakoitza bere tokian jartzen dute, normalean; ez dira errazak izaten. Hirugarren egunean oso hanka onekin nengoen. Konfiantza guztiarekin eta sinistuta joan ginen garaipen bila. Uste dut garrantzitsuena sinistea dela, zure burua helmugan ikustea. Hori sinistuz gero, gertatzeko aukera gehiago dago. Etapa eta itzulia lortuta, urteetako opari izugarria egin nion nire buruari.
Frantziako Alpeetan, Valromeyko Tourreko azkeneko esperientzia zer moduz?
Abraham Olanok gonbidatu gintuen Gipuzkoako Selekziora. Sei eraman gintuen, tartean Ethan Cabanillas taldekide segurarra eta biok. Talde oso ona egin dugu. Valromeyri Tour txikia ere deitzen diote, karabana eta guzti dauka. Izugarri gustatu zait, baina hankak lurrean jarrarazten dituen horietakoa da: oso gogorra, eta jendearen maila zer esanik ez. Europako eta munduko onenak zeuden, munduko txapelduna barne. Datorren urtean telebistan ikusiko ditugunak zeuden. Horien artean konturatzen zara inor ez zarela. Baina egun batean destakatzea eta telebistan agertzea lortu dugu. Oso gustura ibili naiz. Inoiz imajinatuko ez nukeen esperientzia bat etorri zait.
Kirol honen garratza ere dastatu duzu: erorikoa.
Laugarren etapan erori nintzen, esprinta jokatzen gindoazela. Nire aurrekoa erori zen, eta ez zegoen ihesbiderik. Kokotzean bost puntu eman zizkidaten, eta gaua ospitalean pasatu nuen, lorik egin gabe. Azken etapan ez nintzen atera.
Zer moduz zaude?
Txapa eta pintura kontua izan da. Min handirik ez daukat. Gaur [asteartea] bizikletan ibili naiz, eta ez daukat molestia handirik. Hurrengo karrerei begira nago jada.
Uda eta denboraldia luzeak daude oraindik. Dena egiteko asmotan?
Urtea osatuko dut. Orain Iruñerriko Itzulia daukagu, lau egunekoa, larunbatetik aurrera. Atseden txiki bat hartuko dut gero, eta Lierni, Oñati, geratzen diren karrera solteak korritzeko asmoa dut, kategoria honetako azken karrerak gozatuz.
San Fermin egunean bete zenituen 18 urte. Afizionatuetarako deirik jaso duzu?
Taldeak ez dira mugitzen hasi oraindik. Unibertsitateko ikasketak jada finkatu ditut: Gasteizen Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua ikasiko dut. Gero fisioterapia ere ikasi nahi dut. Bizikletan jarraitzeko asmoa daukat nik. Ondo bidean, aukera aterako da, etxe inguruko talderen batean. Momentua disfrutatu nahi dut, unean unekoa bizi. Gerora begira ez naiz askorik geratzen. Dezakedan esparruan pentsatzen dut.