Lazkaoko barruko igerileku berria astelehenean irekiko dute
Kiroldegiaren eranskin berrian, 25 metro luzeko eta 12,5 zabaleko sei kaleko igerilekua eraiki dute. Ura berotzeko eta kloratzeko sistema berritzaileak ditu.
Lazkaoko Barandiaran Kiroldegiko barruko igerileku berria uztailaren 22an, astelehena, irekiko dute, zaharra itxi eta astebetera. Prentsarentzat gaur egin dute instalazio berriak erakusteko bisita-agerraldia udal eta eraikuntza arduradunek. Garai batean tenis kantxa zegoen orubean eraikin berria altxatu, eta bertan kokatu dute igerilekua, zaharraren aldamenean. Zaharra desegiten hasi dira, aste honetan.
Igerileku berriak 25 metro luzean eta 12,5 metro zabalean dauzka, igerirako sei kalerekin, eta sakonera ertzetik ertzera 1,80 metrotik 1,40ra doala (puntu sakonena, jauzien eremu aurrean, 1,90 metrokoa da); lehengoak lau kale zeuzkan, eta nahiz luzera berdinekoa izan, 8,5 metro zen zabalean. Harmailak ere baditu, jendeak erakustaldiak edo kirol probak ikusteko. Lau eserleku ilara ditu.Beirate zabal batzuen bitartez, kanpoko argi natural asko sartzen da.
Ura 28 gradura epelduta edukiko du igerilekuak. Ur berokuntza sistema aerotermiaren bidezkoa du; orain arteko gasolio errekuntza bidez galdararen aldean, kutsadura gutxiago eta efizientzia handiagoa du.
Beste berrikuntza handienetako bat, urari eransteko kloroaren sorkuntzarako sistema da. Kloro likidoa bota beharrean, hipoklorito sodiko gatzarekin, igerileku azpiko sotoko instalazioetan sortuko du kloratzeko beharrezkoa. Gipuzkoan halako sistema berria daukan bigarren kiroldegia da Lazkaokoa. Kloroaren maneiuaren istripu-arriskua saihesteaz gain, igerilekuko airean ere nabarituko da hobekuntza, Kepa Zubiarrain alkateak azaldu duenez. Osasunaren mesedetan, begietako sumindura eta kloro usain sarkorra eragozten ditu.
Igerileku berria astelehenean, uztailak 22, irekiko dute herritarrentzat. Ohiko ordutegia izango du.
Lanak 2022ko ekainean hasi zituen Iparragirre Eraikuntzak enpresak, eta “zailtasun tekniko handiak” gainditu behar izan dituzte. Batez ere, eraikinaren oinarriak prestatzeko zulaketa eta mendi-egonkortze lanak egiteko. Arbela pikatuta, zulo handia ireki behar izan zuten, eta mazelari eusteko hormigoizko euste-horma sendoa eraiki dute, obraren proiektua diseinatu eta gainbegiratu duen Jovino Martinez Sierra arkitektoak argitu duenez. “Exkabazio konplikatua izan zen. Gainerakoan, iraunkortasun irizpideak oso kontuan izan ditugu”.
Sotoan gordetzen dena
Igerilekua ikusgarria bada, ez da gutxiagorako azpian duen sotoa. Eraikinaren luze-zabalak adinako aretoa da, altuera handikoa. Igerilekuaren putzua airean mantentzen dute hormigoizko zutoinek. “Baso guztia material isolagarriz bilduta dago. Gainean dago azpiegitura osoa eta ur guztia. Metro koadro bakoitzak 2 tonako pisua jasaten du”, azaldu du Jovino Martinez arkitektoak.
Instalazio teknikoak ere bertan daude: uraren birzirkulaziorako biltegi gisa egiten duen hormigoizko espantsio-baso erraldoi bat, ur berokuntzarako gailuak… Eta gatzaren bidez kloroa egiten duen makina berritzailea, alboan gatz arruntaren zakukadak dituela. Alkateak argitu duenez, instalazio guztiak bikoiztuta daude, batek huts egiten badu ere, zerbitzuak etenik izan ez dezan.
Obra guztiak 5,1 milioi euroko inbertsioa (gehi BEZa) eskatu du. Oraindik fase bat falta da, administratiboki 5.1 izendatu dutena, erabat bukatzeko. Igerileku zaharraren tokian neurri eta sakonera txikiagoko beste igerileku bat eraikiko dute, haurren ikastaroetarako, haurdunek ariketak egiteko, errehabilitaziorako… Baita sauna-gunea ere, sauna lehorra eta hezea; eta aldagela gehiago ere –barruko igerilekuaren obren artean, aldagela berriak ere eginda daude, lehen solairuan–. Azken lan horiek 2025eko maiatzerako bukatzeko asmoa agertu du alkateak.