Udalek Gipuzkoako Bertsolari Txapelketara gonbidatu dituzte herritarrak
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa Urretxuko Labeaga aretoan hasiko da, irailaren 14an. Final zortzirenetako zazpi saioetan aurrenekoa izango da. Urretxuko saioan urretxuar batek abestuko du, gainera: Mikel Iturriotzek. Urretxuko eta Zumarragako Euskara zinegotziek, Alex Gonzalezk eta Josu Idigorasek, prentsaurrekoa egin zuten atzo herritarrak Urretxuko kanporaketara gonbidatzeko.
Gonzalezek txapelketaren berri eman zuen. “Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa lau urtetik behin Bertsozale Elkarteak antolatzen duen lehiaketa da. Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasetik sailkatutako 34 bertsolarik eta 2019ko Gipuzkoako Txapelketan finalaurrekoetara sailkatu, baina finaletik kanpo geratu ziren eta aurtengo txapelketan izena eman duten zortzik kantatuko dute”.
Sei bertsolariak
Urretxuko final zortzirenetako saioan Andoni Rekondo, Ane Zuazubiskar, Antton Aizpurua, Jon Gurrutxaga, Mikel Iturriotz eta Unai Mendizabalek abestuko dute. Saioa 17:00etan hasiko da. “Sarrerak bertsosarrerak.eus helbidean erosteko aukera dago, eta Internet bidezko sarrerak erosteko aukera saioa hasten denean amaituko da. Aurrez sarrera guztiak agortzen ez badira, saioaren egunean 16:00etan zabalduko da txarteldegia”.
Udalak euskararen alde lan egiten ari direla gehitu zuen. “Urretxu eta Zumarraga euskararen mapan eta markan kokatzeko ekintzetako bat izango da saio hori. Bertsolari txapelketan, gazteak izaten dira kantuan, gazteek gazteak erakartzen dituzte, hizkuntzaren jolasarekin gozatzeko. Gazteek, eta ez gazteek bakarrik, euskarazko plazer esperientzia izango dute”.
Idigorasek Gonzalezen hitzak berretsi zituen. “Halaxe da. Urretxu eta Zumarragako Euskara zerbitzuek urteak daramatzate bertsolaritza sustatzen Gipuzkoako Bertsozale Elkartearekin elkarlanean. Horren adibide da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako udazkeneko fasea gurean hastea. Baina gure herrietan bertsolaritza eta euskara sustatzeko beste hainbat ekintza egiten ditugu”.
Adibidez, Gu ere bertsotan programa. “Udalok lagunduta, herriko ikastetxeetan Gu ere bertsotan programa garatu dugu LH4 eta LH5eko ikasle guztientzat azken hamazazpi ikasturteetan. Programa horren bidez, bertsolaritza ezagutu eta lantzeaz gain, ahozkotasuna, hitzekin jolas egitea, argudiaketa… lantzen ditugu, euskaraz, oso balorazio onarekin bai ikastetxeen eta bai ikasleen aldetik”.
Horretaz gain, Urretxu eta Zumarragako udalek herriko bertso eskolari ere laguntza ematen diote, herrian bertsolaritza eta, ondorioz, euskara susta ditzan. “Horren adierazgarri da bertso eskolak azken 25 urteotan egindako lana. Ez da kasualitatea Gipuzkoako Bertso Txapelketak bertso eskolak omendu nahi izatea eta aurtengo txapelketaren azken fasea gurean hastea. Are gehiago, azken fase honetan, oraindik, lau herritarrek jarraitzen dute: Amaia Iturriotzek, Maialen Akizuk, Mikel Iturriotzek eta Uxue Fernandezek. Gainera, zozketak hala erabakita, Mikelek herrian kantatuko du”.
Martxoan Bertsoa
Bertso eskolak antolatzen duen Martxoan Bertsoa ere ez zuen ahaztu. “Aipatu dugun moduan, bertsolaritza txapelketa baino gehiago da. Aisia da. Jolasa da. Horren adibide, Urretxu-Zumarragako Bertso Eskolak azken 22 urteetan antolatu duen Martxoan Bertsoa zikloa, zeinak herriko eta eskualdeko gazteak erakartzen dituen”.
Bukatzeko, herritarrak Urretxuko bertso saiora gonbidatu zituen. “Bertsolaritzak eta bere mugimenduak euskarazko aisialdian eta erabileran egiten duen ekarpenagatik, bi udalotatik irailaren 14an jokatuko den Gipuzkoako Bertso Txapelketako kanporaketara gonbidatu nahi zaituztegu. Baita herriko bertso eskolara ere, euskaraz jolasteko eta ondo pasatzeko aukera ezin hobea baita”.