Madalena eguna, kotxe eta lagun artean
Itsasoko Alegia auzoko Madalena jaietako egun handia da gaur. Meza irteeran XX. mendeko dozena bat kotxe erakutsi ditu herri kuadrilla batek eta, ondoren, mahaira eseri dira mokadu bat jatera
Itsasoko Alegia auzoan egun handia da gaur, Madalena eguna delako, jaietako egun nagusia. Jesusen dizipulu honi eskainitako elizan meza egin ostean, 13:00ak aldera, herriko kuadrilla batek auto bilduma bat erakutsi du. Mokadu bat jateko aukera ere izan da. Arratsaldean, berriz, haurrentzako jolas parkea muntatuko dute auzoan eta festak Modestoren erritmoan agurtuko dituzte, parrillan erretako haragia afaldu ondoren.
Jesus Mari Etxeberria bildumagileak azaldu du urteak zeramatzatela festen antolatzaileak eta eurak erakusketa bat egin nahian, eta aurten kointziditu dutela. “Itsason bagaude kuadrilla bat auto klasikoak ditugunak. Gure bildumaren zati bat ekarri dugu hona”, kontatu du. Iñaki Arratibel, Jose Mena, Martin Sagastizabal, Jesus Plazaola, Juana Bueno, Migel Arrospide, Luzio Iraeta, Juan Mari Goitia… aipatu ditu. “Kotxezaleak, betidanik. Asko, mekanikari izandakoak”, laburbildu du. “Gehiago edo gutxiago, kotxe hauekin azkar ikasten da mekanika”, gaineratu du. Egia esan, autoak erabat funtzionalak eta errepide irekian ibiltzeko modukoak dira.
Etxeberriak aipatu du erakusketaren edertasuna “aniztasunean” dagoela. “Kotxe bakoitza klase batekoa da: sportak, berlinak, kabrioletak…”. Denak XX. mendeko lehen erdikoak dira; zaharrena, 1915. urtekoa, Ford Model T bat. “Donostiatik Meridaraino (Espainia) joan gara kotxe honetan, inolako arazorik gabe. Asteburuan Sorian (Espainia) izan gara”, kontatu du jabeak. “Jada ez dira horrelako kotxerik egiten. Hauen mantenimendua askoz ere sinplegoa da, norberak egin dezake. Orain, argi bat ere ezin da aldatu mekanikariarengana joan gabe”. Justu, auto originalak ez zuen fokurik, kandela moduko batzuen bidez argiztatzen baitzuen bidea; segurtasun uhalik edo bi martxa besterik ez ditu.
Bizikletak ere bai
Autoen artean motorrak eta bizikletak ere izan dira ikusgai. Hauek, kotxeak baino zaharragoak. Tartean bazen 1890. hamarkadako belozipedo bat. Aurreko gurpila atzekoa baino nabarmen handiagoa du, baina ez da akatsa bat edo denboraren poderioz gurpil originala galdu eta halamoduz ordezkatu dutela: garai hartan, pedalak eta gurpilak zuzenean zuzenean zeuden lotuta, eta ez kate baten bidez egun bazala. Abiadura hartzeko, zenbat eta gurpil handiagoa izan, orduan eta hobe zen.