Aspaldiko jendetza handiena ibili da Aztiriko festetan
Mendi lasterketan marka guztiak birrindu dituzte, bai parte-hartzearena 134 lagunekin, bai Pello Olaberria eta Lara Estebanez irabazleena. Auzo-giroko juntadizoez gain, Aztiria-Gabiria herri kirol desafioak arreta piztu du.
Festaleku estimatua eta jendetsua izan da asteburu osoan zehar Aztiria. Ostegunean hasi ziren Santa Marina jaiak, meza eta Jokin Matxinandiarenak soinuarekin girotutako hamaiketakoa eginda. Ostiralean, auzoko bola lehiaketa Iñaki Urienek irabazi zuen, Anartz Agirre eta Jon Agirre ondoren zirela; eta tokan Maria Luisa Lizaso eta Juan Ramon Goikoetxea Pello onenak. Auzo afarian 46 lagun izan ziren, Etxebarria aita-seme trikitilariek luzatutako festan.
Patata-tortilla lehiaketan 14 bikotek parte hartu zuten, zapatuan. Jose Benito Deba eta Miren Deba aita-alabek irabazi zuten. Epaile lanetan Josu Elortza, Aintzane Aizpeolea eta Begoña Aranburu jardun ziren. Sagardo dastaketan, Gabiriako eta Legazpiko sei baserritan egindako sagardoak eskaini zituzten. Gaueko bertso-afarian, Aztiri-Bat elkartean, 32 lagun elkartu ziren. Aratz Igartzabal, Ane Beloki eta Eneko Araiztegi aritu ziren bertsotan.
Korrika markak
Azken egunean, igandean, bete-beterik izan zen Aztiria. Gabiriako sei txistulari baserriz baserri ibili ziren goizean, biribilketak joz. Kanpotar ugari erakarri zuena 18. Aztiriko Mendi Lasterketa izan zen. Errekor guztiak gainditu ditu. Izena emanda 143 bazeuden, 134 irten ziren, inoizko gehien.
Pello Olaberria mutiloarrak irabazi du (57:00), marka jarrita. Aurreneko bostek beheratu zuten orain arteko denbora (1:00:38), 11 kilometro eta Aizaleku, Otañu eta Aizpuru igota ia 700 metroko desnibela ordubeteren azpitik bukatuta Bigarren Xabier Ibargutxi legazpiarra (57:26), hirugarren Imanol Intza gabiriarra (57:28), laugarren Juanjo Igartzabal zumarragar-aztiriarra (58:00) eta bosgarren Igor Etxeberria legazpiarra (59:06) iritsi ziren.
Azken orduko plana egin zuen Pello Olaberriak. «Oporretatik iritsi, eta ostiralean Zerainen afaltzen ari ginela ikusi nuen kartela. Bihar [astelehenagatik] Portugalgo Itzulira goaz, eta kirol pixka bat egitearren animatu naiz Aztiriara», zioen Euskaltel-Euskadi taldeko zuzendari eta txirrindulari ohiak. Lokazti handirik ez zuten aurkitu, bezperako ekaitzak egundokoak bota arren.
Aztiriko mendi lasterketa-Sailkapena 2024-7-21
Rosita Aizpeoleari omenaldia
Emakumeak ere ez ziren hankamotz ibili. Lara Estebanez legazpiarrak marka bi minutu jaitsi zuen (1:05:49). Ines Moreno gasteiztarra (1:11:17) eta Irati Garro tolosarra (1:13:58) igo ziren podiumera. Lehen herritarrak Mikele Zurutuza eta Igor Etxeberria legazpiarrak izan ziren. Denera, 23 emakume lehiatu ziren.
Auzoko helduenaren omenaldia Zabaleta baserriko Rosa Aizpeolea Gerrikok jaso du aurten. 85 urte ditu. Zeraingo Aizpea baserrian jaioa, Inazio Artsuaga zenarekin ezkondutakoan etorri zen Aztiriara. Gustura zen, biloba batek Agurra dantzatu eta beste batek bertso parea eskaini ziolako. Sendikoek inguratuta jaso zituen Aztiri-Baten lore sorta eta herritarren maitasun agiria. Goruntz dantza taldeak zazpi dantza egin zituen, jarraian.
Arratsaldean, Aztiriaren eta Gabiriaren arteko herri kirol desafioa jokatu zuten. Hamalauna laguneko taldeak osatu zituzten gazteek. Aizkoran –Josu Ibarguren Lakiola legazpiarra eta Unai Etxeberria Osinalde ezkiotarra aritu ziren–, harri jasotzen, lauko zaku karreran, korrika, txinga eramaten, ingude altxaketan, trontzan eta oskol biltzen neurtu zituzten indarrak, bi itzulitara. Gabiriako taldeak 24:10 minutuan amaitu zituen lanak, Aztirikoak 25:35ean.
Bola txapelketan 35 bolarik jokatu zuten. Ander Etxebeste atera zen txapeldun (33), Juanjo Aizpeolea, Ibon Miner eta Iker Altzelai ondoren zirela. Nesketan, Naiara Peñagarikano eta gazteetan, Aner Miner.
Errifako zenbaki saritua 573 atera zen. Berotik eta sargoritik hasitako jaiak, freskotik bukatu dira. Txurro saltzailea ere etorri zen, lehen aldiz. Bitxikeria bezala, hiru lagun irlandar 18. urtez egon dira Aztiriko festetan, urteroko bisitari hutsik egin gabe.