Ehunmilak trilogia inoizko «arrakastatsuena» izan da
Ehunmilak batzordeak balorazio «positiboa» egin du. Lasterkarien prestaketa fisiko «ona» nabarmendu dute. Boluntario guztiei «esker ona» adierazi diete erakutsitako prestutasunagatik.
Ehunmilak trilogiaren balorazio «positiboa» egin du Iñaki Mozo Ehunmilak batzordeko komunikazio arduradunak. Uztailaren 12tik 14ra jokatu ziren trilogia osatzen duten Ehunmilak ultra traila, Goierriko bi Handiak traila eta Marimurumendi mendi maratoia. «Arrakastatsuena izan da, dena ondo joan zen, inork ez zuen minik hartu, eta ez zen arriskuko momenturik egon, alde horretatik, beraz, ongi» adierazi du Mozok. Dena den, nabarmendu nahi izan du «ostiral gauean Aralarko natur parkean, egoera ez zela samurra izan bertan izan ziren boluntarioentzat, ostiral goizetik hasita nahiko hotz izan zuten; 0-5 gradu artean izan ziren. Meritu doblea dute!».
Parte hartzea, kopuru «altuetan» mantendu da. 1.313 lasterkarik eman zuten izena hiru probetan banatuta. 1.350 da topea. Lan taldeak egindako balorazioaren arabera, nabarmendu nahi izan du «aurreko edizioen aldean, Goierriko bi Handiak eta Ehunmilak ultra trailerako oso ondo prestatuta etorri zela jendea, anoa guneetara baldintza onetan iristen ziren lasterkariak, eta baita helmugara ere». Gune desberdinetako arduradunen hitzetan «jendea osorik iristen zen». Anoa guneetan jan eta edan «asko» egin zela kontatu du Mozok, «beste urte batzuetan baino gehixeago».
Kirol arloari dagokionez, «oso maila ona» erakutsi zuten lasterkariek, eta nabarmentzekoa, Goierritarren errekor hausteak. Kirol maila «arrakastatsua» izan dela baloratu du antolakuntzak, «nahiz eta urte lokaztsuena izan den».
Helmugara iritsi ziren lasterkarien kopuruari buruz esan du, «urteroko antzera» mantendu zela, aurreko edizioetan baino erretiratu «gutxiago» kontatu zituztela. «Tolosa eta Etxegarateko anoa guneetan ez da horrenbeste jende erretiratu». Hori ere «prestakuntza fisiko onagatik» izan daitekeela ondorioztatu du antolakuntza batzordeak. Zentzu horretan, beraz, «eskerrak partaide guztiei».
Eguraldiari dagokionez, aipagarria, «ostiral gauean Ehunmilak lasterketakoek Azpeiti aldean, askoz ere giro hobea zutela korrika egiteko, Aralarkoarekin konparatuta». Nahiz eta Gipuzkoa erdialdean izan biak, «batetik bestera egoera zenbat alda daiteken erakusten du horrek» borobildu du gai horri lotuta. Igandean, Marimurumendi maratoirako, «bero xamar» egin zuen, eta «berotuta» iritsi zen jendea, baina orokorrean «gustura».
Boluntarioei gorazarre
Beste behin ere, Ehunmilak trilogia posible izan bada, esfortzu humanoari esker izan da. Antolakuntzaren lana, noski, baina batez ere, 1.600dik gora boluntarioren lana «nabarmentzekoa, zoriontzekoa eta eskertzekoa» da. Hamahirugarren ediziorako boluntarioek izen emateko epea zabaldu eta bi astetan itxi zuten. «Erantzuna bikaina izan da, inoizko boluntario gehien izan ditugu, gazteak batez ere, beraz, erreleboa ere ikusten ari gara eta asko pozten gaitu horrek!».
Bukatzeko, hamalaugarren ediziorik izango ote den galdetuta, «hamahirugarrena ixten ari gara oraindik» erantzun du lehenik Mozok, baina baiezkoa erortzen utzi du jarraian, edo asmoa behintzat badela; «Irailetik aurrera hasiko gara babesleekin hitz egiten eta hamalaugarren edizioa prestatzen hasteko lan taldea prest dagoen baloratzen».