«Ahalik eta urrutien joan nahi nuen, besterik ez»
Nafarroako Larraitza menditik abiatu zen Iñiguez eta "era inprobisatuan", bederatzi ordu geroago, Kataluinan lur hartu zuen, 300 kilometro eginda. "poza eta lasaitua hartu nituen, kontatu du.
Ofizioz Lanbide Heziketan mantentze irakaslea bada ere, afizioz hegan egitea du gustuko Mattin Iñiguez Ormazabalek (1985, Zegama). Parapentean Pirinioetan inoiz egin den hegaldi luzeenaren errekorra hautsi du. Hain zuzen, 300kilometroko bidaia egin zuen maiatzaren 2an, Nafarroako Larraitza eta Kataluniako Organya artean.
Hasieratik zenuen pentsatuta ibilbide hori egitea?
Tira, Pirinioetara iristeko saiakera egin nahi genuen, eta egun pare bat lehenago saiatu ginen Baiotik, baina ez genuen lekuarekin asmatu. Gainera, gero, baldintza bereziak etorri ziren eta Iruña pasa eta Arangoitiraino iristeko bide hori probatu eta esploratu nahi nuen, ez bainuen inoiz egina; normalean ibiltzen ez garen leku bat da. Baina, Pirinioetan asko egin dugu hegan, eta maiatzaren 2an zortea izan nuen, eta Behin Iruña pasa eta Arangoiti atzetik Burgi inguru horretara heldu nintzenean konturatu nintzen nituen baldintzekin oso hegaldi potentea egin nezakeela, eta apur bat inprobisatua izan zen; hartu eta ahalik eta urrutien jo nuen.
Ez zenuen errekorra buruan.
Ez, ahalik eta urrutien joan nahi nuen, besterik ez. Ateratzen zenera arte. Etxe ingurutik atera eta Pirinioetara iristea niretzat amets bat zen; inoiz egin gabeko zerbait zen, eta hori zen helburua, baina gero, oso hegaldi luzea irten zitekeela ikusi nuenean ahalik eta distantzia handiena egitera joan nintzen. Hala ere, ez neukan buruan errekorra hautsi behar nuenik.
Zenbat denborako hegaldia izan zen?
Bederatzi ordu eta laurdenekoa.
Ez zinen aspertu?
Oso kontzentratuta egon behar da. Erabaki asko hartu behar izaten dira, eta hegan zaudela saiatu behar da ahalik eta gorenean egoten hurrengo trantsizioa egiteko. Horrek aspertzeko astirik ere ez du ematen. Uneoro pentsatu behar da zein lainotara egin jauzi, nondik joan, iparraldeagotik, hegoaldeagotik… Oso kontzentratuta egon behar da eta beti pentsatu behar da hurrena zein menditara egin behar den jauzi eta non funtzionatuko duen berriz altura hartu eta aurrera jarraitu ahal izateko.
Umetan ikusten nuen Aizkorritik behera nola jaisten ziren; orain, gu gara termikoak hartu eta bidaiatzen dugunak
Uneren batean lur hartu beharra izango zenuenik pentsatu zenuen?
Bai, bi puntu izan nituen oso-oso baxuak. Bata Iruña pasa ondoren izan zen, eta bertan lurretik 50 bat metrora edo egon nintzen, baina lortu nuen erremontatzea. Eta, gero, Jakara iritsi aurretik, are baxuan egon nintzen, lurretik 30 bat metro ingurura. Baina, tira, azkenean borrokatu, beste termika bat hartu eta lortu nuen aurrera egitera.
Espero zenuen errekor honek horrenbesteko oihartzuna izango zuenik?
Ez, ez nuen ezer espero. Konturatu nintzen oso sonatua izaten ari zela hegan nindoala berreun eta laurogeita piko pertsona ari zirelako zuzenean hegaldia jarraitzen. Aplikazio baten bidez igortzen dugu nun gauden, eta jende mordoa zegoen begira. Lur hartu nuenean mugikorra zoratu egin zen; mundu guztia neukan deika eta mezuak bidaltzen. Ez nekien gainera errekorra zenik ere.
Eta, zer suposatzen du zuretzat errekor hori hautsi izanak?
Tira, momentuko zerbait da. Uste dut etorriko dela beste norbait hau baino hegaldi luzeago bat egingo duena; eboluzionatzen doa uneoro. Polita da nire lehenengo 300ak Pirinioetan egitea, eta egia esan ilusio handia egin zidan.
Lur hartu zenuenean, zer pentsatu zenuen?
Lasaitua hartu nuen egia esan. Oso egun haizetsua zen eta Katalunia alde horretan nahiko baldintza arriskutsuak zeuden lurrean; bailara askotan 60km/h-tik gorako haizeak zeuden,
eta hori, berez, parapentean ibiltzeko arriskutsua da. Gainera, hegan nindoala lagun batek esan zidan Organyan iparra sartuta zegoela eta haize gutxiago zebilela, eta zuzenean aruntza joan nintzen lur hartzera. Behin lurrean, poza eta lasaitua hartu nituen.
Bidai honen aurretik, egina zenuen horrenbesteko distantziarik?
Alpeetan 200 km inguruko hegaldiak eginak nituen, baina 300 km-koak oraindik ez.
Nola prestatzen da horretarako bidai bat?
Parapentean hasteko normalean ikastaro bat egin behar izaten da, eta lehenengo erakusten dizutena da parapentea nola altxatzen den lurrean eta buru gainean modu seguruan nola jartzen den. Behin teknika hori ikasten denean, onena da lekua ezagutzen duen norbaitekin hegaldi errazak egitea. Gero, praktikatzen zoazen heinean segurtasuna hartzen da eta leku berriak ezagutzen zoazen neurrian pixkanaka ulertzen joaten zara funtzionamendua.
Nola gestionatzen dira gosea, pixagura, hotza…
Komenigarria izaten da zerbait eramatea edaten eta jaten joateko. Nire kasua inprobisatua izan zenez ez nuen ezer eraman egun horretan. Aldiz, pixa egiteko kondoi moduko tutu bat erabiltzen dute batzuk. Nik ez. Egun horretan ez nuen ez jan, ez edan, ezta pixarik egin ere. Ondo janztea ere aproposa da.
Zer da parapentea zuretzat?
Askatasun sentsazio handiena ematen didan kirola da. Naturarekin kontaktu handikoa da, eta funtsean ingurumen guztia kontrolatu behar duzu; airean zer ari den gertatzen ulertze horrek bere denbora eskatzen du. Behin ulertzen duzunean oso polita da sentitzen dena.
Zerk bultzatu zintuen lehenengo aldiz probatzera?
Mutikotan, Zegaman, Murgizelain parapenteek nola lur hartzen zuten ikusten genuen. Hasieran menditik jaisteko zerbait zela uste genuen, baina gero konturatu ginen horrekin bidaiatu egin zitekeela. Nik umetan ikusten nuen Aizkorritik behera nola jaisten ziren; orain, gu gara termikoak hartu eta bidaiatzen dugunak.
Aurrera begira horrelako beste bidaiaren bat egitea pentsatu duzu? Edo nahiko?
Beti daukagu gogoa gauza berriak probatzeko [barrez]. Gustatuko litzaidake hurrengo urtean Pakistan aldera jotzea edo zerbait antolatzea hegaldi potenteak egiteko.