Migikortasun diputatua Segurako alkatearekin bildu da Lurraldebuseko indarkeria matxistaren aurkako lehenengo protokoloan aurrera egiteko
Topaketaren helburua da garraio publikoaren erabileran segurtasunari eragiten dioten gaiak jorratzea, autobus geltokiak eta haien kokapena kasu, indarkeria matxistarik gabeko espazioak lortzeko. Udal-eskumenekoak dira geltokiak.
Azahara Dominguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua Izarra Urdalleta Segurako alkatearekin bildu da, Lurraldebuseko indarkeria matxistaren aurkako lehenengo protokoloa diseinatzeko. “Honako protokolo honen helburua da garraio publikoan emakumeen segurtasuna bere osotasunean lantzea, alegia, zerbitzuak berak irauten duen denboran ez ezik, baita geltokietan dauden bitartean edota haietarako irisgarritasunean ere, espazio horietan guztietan indarkeria matxistarik egon ez dadin”, kntatu du Dominguezek. Autobus geltokiak eta hauek kokapena udalen eskumenak dira. “Hori dela eta, Gipuzkoako emakumezko alkateekin elkartu gara, administrazio guztien eskumena baita garraio publikoa zerbitzu jasangarri, eroso, seguru eta lehiakorra egiteaz gain, emakumeentzako segurua ere izateko”. Alkateekin egindako topaketa hauetan Segura izan da Goierriko ordezkari bakarra.
Alkateez gain, Lurraldebuseko zerbitzua ustiatzen duten enpresekin eta erabiltzaileekin ere elkartu da aldundia. Bertan ondorioztatu zuten autobusa bezain gune garrantzitsuak direla geltokiak eta hauek udalen eskumenekoak izanik, hortik dator bilera erronda hau: “Beharrezkoa da garraio publikoa emakume guztientzako espazio seguru bat izatea, baita bertara igo baino lehen ere. Horretarako, elkarlanean aritu behar dugu, denon artean emakumeen kontrako indarkeria mota guztiak ezabatzeko pausoak emateko”, nabarmendu du diputatuak.
Gipuzkoako Foru aldundiak emadako datuen arabera, hamar erabiltzailetatik sei emakumezkoak dira. “Emakumeen aurkako indarkeria desberdintasun-modu indartsuenetako bat da, eta erakunde publikoen eta eragile pribatuen konpromisoa behar da indarkeria hori desagerrarazteko bidean aurrera egiteko. Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentutik eskuz esku lan egin nahi dugu Lurraldebusen unibertsoa osatzen duten eragile guztiekin, langile zein erabiltzaile, eta baita zerbitzua ematen dugun udalekin ere, gizarteko esparru guztietan emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna lortzeko bidean aurrera jarraitzeko. Garraio publikoa pertsonen beharretara egokitu behar da, jakina, baina orobat beharrezkoa da gure erabiltzaileak eroso eta seguru egotea bertara sartzen direnean. Garraio publikoak jasangarria, erosoa, lehiakorra, irisgarria eta, jakina, segurua izan behar du erabiltzen duten pertsona guztientzat; izan ere, horrela bakarrik lortuko dugu erabiltzaile kopurua mantentzea eta geroz eta handiagoa izatea”.