Dantza eta arte garaikidea Mutiloara ekarriko du aldundiaren programa batek
Iraileko hirugarren asteburuan, mugimendu, ahots eta plastika ikastaroak, eta hiru dantza ikuskizun eskainiko dituzte, Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur aurkeztu duen LABO GEO programaren barruan.
“Kultura” landa izaerako herri txikietara “eramateko”, Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur aurkeztu duen LABO GEO programako hiru herri partaideetako bat Mutiloa izango da. Irailaren 21ean eta 22an, arte eta dantza garaikidearekin lotutako ekimenak gauzatuko dituzte han. Larraulek eta Altzok (Tolosaldea) ere izango dituzte proiektu horretako beste ikuskizun batzuk.
Gaur goizean aurkeztu dute LABO GEO Donostian, Goizane Alvarez Kulturako foru diputatua eta Mutiloako alkate Iñaki Ugalde, besteak beste, bertan zirela. Gorputza eta ondarea goiburupean, dantza eta arte-diziplina garaikideak Gipuzkoako udalerri txikietara eraman nahi ditu. “Eskaintzan kaleko hainbat ikuskizun eszeniko eta bitartekaritza-jarduera sartzen dira. Kultura, ondarea eta partaidetza uztartuko dituzten jardunaldiak dira. Ekimenak bilatzen duena da jarduera artistiko garaikideak hirietatik deszentralizatzea eta publiko eta espazio berriak sortzea, horiek inguruan zein komunitatean integratuta”, azaldu dute prentsaurrekoan.
Irailean, segidako hiru asteburutan, Gipuzkoako hiru herri txikitan garatuko da programa. Larunbatetan mugimendu, ahots eta plastika tailer parte-hartzaileak egingo dira, eta, igandean, arte eszenikoetako ikuskizunak eta udal ondarea ezagutarazteko jardunaldiak.
Mutiloari dagokionez, irailaren 21ean, larunbatarekin, mugimendu, ahots eta plastika ikastaroak emango dituzte, bi ordu eta erdiko iraupenekoak, edonorentzat irekiak. Biharamunean, irailaren 22 igandean, Borja Bordonaberen Solo, Neri(h)ariren Nere azalean arrotz? eta Larrua Proiektuaren Idi begi ikuskizunak egingo dituzte Mutiloan. Altzon eta Larraulen beste ikuskizun batzuk iragarri dituzte: Larraulen irailaren 15ean NODEren Batu aurkezpena, Remedios Vals, Jone Amezaga eta Manu Gaigneren eskutik; eta Mari Zaunkaren Lehio zikin, zeru garbi ikuskizuna; eta Altzon, irailaren 29an, DABen Nun Zira?, Cielo Rasoren Reset eta Osaren eta Mujikaren Bueltaxka.