Urbian urteko festa-egun koloretsua eta jendetsua
San Inazio jaian mendizale ugari igo da Partzuergoak antolatutako festara, bai kotxez, bai oinez. Eguraldi eguzkitsuak egon-giro aparta erantsi du, itzalean batez ere.
Goizean goizetik, ehunka lagunek Urbiara zuzendu dituzte gaur oinak. San Inazio eguna izanik, Arabako eta Gipuzkoako Partzuergoak antolatutako festara batu dira bi herrialdeetako biztanleak eta Euskal Herri osoko mendizaleak, horren estimatua duten goi-bailara baketsura. Goierritarrak ere ezin zenba ahala, San Adriandik igota batzuk, Arantzazutik beste batzuk, eta autoarekin igotzea baimenduta dagoen urteko egun bakara denez, 4×4 kotxeetan Araiatik gora eroso ere bai ez gutxi.
Lehenbiziko geldialdia Andre Mariren ermitan egin dute batzuek. Garai bateko iganderoko mezak agortu ziren, eta gaurkoa bezalako okasio berezietan bakarrik ospatzen dituzte orain elizkizunak. Arantzazuko fraide fantziskotar Juan Miguel Dorronsorok eman du meza. Gaur bezala, irailaren 28an ere beste meza bat egingo dute, ermita eraiki eta inauguratu zutenetik ehun urte beteko diren egunean.
Gaurkoa txukun eta garbi prestatzeak ere eman du bere lana. Oñatiko lagun talde batek haru aste igaro ditu lanean, ermita eta inguruak eder egon zitezen. Horietako bi, aldameneko atean urduri zeudenak, Javier eta Joaquin Larrala anaiak dira. Javier urtearen egun guztietan igotzen da Urbiara, egunero-egunero hutsik egin gabe, elurra egin edo bero sapa egin. Bere praka motz bereizgarriekin, bizi igotzen da, eta korrika jaitsi. Datorren urtean 80 urte beteko ditu. Hark zaintzen eta garbitzen du baseliza eta ingurua, egunero zerbait eginez. Joaquin anaiak laguntzen dio, astean bi egunetan, Urbiarako jiran. Oñatititik Arantzazura kotxean joan, eta Arantzazutik oinez egiten dute joan-etorria. “Nahikoa dok!”, zioen Javierrek.
Gainontzean, aurten mendea beteko duen baseliza –xumea bezain berezia, goi mendiko erakoa– auzolanean eta jende askoren laguntzarekin mantentzen dute. Laguntza hori gabe, honezkero erorita zegokeela esaten zuten. Mezatarako deia ordu erdi bat lehenagotik hasita kanpaitxoa aldika joz berritzen aritu den Bittor Alberdi bergararra lasaiago zegoen, berriketarako gogoarekin. Ermita Partzuergoarena da jabetzaz, Arantzazuko frantziskotarrek egin izan dituzte hango funtzioak –Aita Lasaren omenezko harlandua eta argazkia daude aldarean–, eta auzolanean laguntzen dutenek ere erabiltzen dute. Alberdik esan duenez, 2000. urtean Urbiarako bidezidorra auzolanean egin zutenean frantziskotarrek eskertzeko modu bat izan zen eskubide hori.
Baselizak, alde batera mendizaleentzat estalpea du, sutoki eta guzti, edonorentzat eta edonoiz irekia. Beste aldera, berriz, inork gutxik ezagutzen duen sukaldea jantoki zabalarekin, eta lotarako logela bat dauzka. “Bitoriano Gandiaga-eta askotan geratzen ziren hemen. Aranzadi zientzia elkartekoak ere bai, Urbian ikerketetan zebiltzan garaian”, gogoratu du Alberdik.
Ermita leporaino bete da gaur. Dorronsorok gidatuta, meza bukaeran egunari dagokion San Inazioren martxa kantatu dute denek. Lau bertsolari goierritar irten dira aldarera, eta bertso bana kantatu dute Aratz Igartzabalek, Iker Zubeldiak, Mikel Etxezarretak –Urbiako daukaten artzain txabolatik joanda– eta Eneko Araiztegik.
Erromeria giroa
Fonda ingurua jendez beteta zegoen elizakoak egin dituztenerako. Trikitilari faltarik ez zen. Xabi Arakama zegamarra, Imanol Intxausti segurarra eta Iñaki Larrañaga pandero jotzaile zumarragarra, luxuko hirukoa osatuz, batetik. ETBko Erromerian programako ekipo bat ere Agus Barandiaranekin eta Anabel Arraizarekin grabatzen aritu da –Euskal Telebistako sigaren ekipo bat ere bazebilen–, eta arratsaldeko erromeriarako traktore-organ prest zeukaten oholtza Miren, Agur eta Oier trikitilariek.
Lizar azpian haraxeago –itzala estimatua ezezik beharrezkoa ere izan da, eguerditik aurrera–, hamaiketakoa zerbitzatu du Partzuergoak, joan den guztiarentzat doan. Txorizo pintxoa, sagardo edo ardo tragoxkarekin. Mendi elkargoko kide diren udaletako kideak eta alkateak aritu dira zerbitzari lanetan.
Artzain txakur lehiaketa ere egin dute, Fonda gainaldeko zelaian. Santi Etxezarretaren artaldea erabili dute lau artzainek. Baserria Ilarduian (Araba) daukan Joxemari Jauregi lazkaotarra Suhar txakurrarekin aritu da, Migel Arregi oñatiarra Goiz-ekin, Carlos Ardantza abadiñarra Mendi-rekin, eta Areetako (Araba) Fidel Alonso Lis txakurrarekin. Zazpina minutuan osatu behar zituzten esparruetako lanak ardiekin, txakurra gidatuz.