Ataungo Barandiaran Museoarekin, igandean kobara eta abuztuko larunbat guztietan errotara
Lizarrustik oinez Lareora joan, eta hango leizezuloan esperientzia espeleologikoa egin ahalko da, familia, igande honetan. Taloak egiteko tailerrak ere eskainiko dituzte, zapaturo, San Gregorioko museoan.
Aralarko parketxe hedatuak hainbat ekimen eskainiko ditu abuztu honetan, bisitarientzat, turistentzat eta familientzat. Atzo Lizarrustin mendi buelta egin zuten, basora, bertakoa paisaia naturala eratu duten zuhaitz landuak, basogintza eta espezieak ezagutzeko.
Igande honetan, abuztuak 4, Lareoko kobazulora egingo dute irteera gidatua. Sartu kobara txangoan, esperientzia espeleologiko bat bizi ahalko dute haurrek eta familiek. Lizarrustiko parketxetik 10:00etan abiatuko dira oinez, Lareorako bidetik Aralarko parke naturalean barneratuz. Ibilbide erosoan eta zailtasun gutxikoan, pagadiak, erreka biziak, arroila eta txondor plazak ikusiko dituzte.
Lareoko urtegitik gertu, hango kobazulo batera sartuko dira. Urak egindako formazio geologikoak eta lurpeko egiturak bertatik bertara ikusiko dituzte. Mendian ibiltzeko arropa eta oinetako egokiak, linterna edo kopetako argia eramateko eskatu dute. Kaskoak antolatzaileek emango dizkiete. Prezioak, helduarena 6 euro eta 12 urtetik beherako haurrarena 6 euro dira. Aldez aurretik izena eman behar da (lizarrusti@gipuzkoanatura.eus / barandiaran@gipuzkoanatura.eus / 943 18 03 35 / 688 895 069).
Abuztuko larunbat guztietan, errota irekita
Bestetik, Ataun San Gregorioko Barandiaran Museoaren aldamenean dagoen errotatxoan larunbatero jarduerak antolatuko dituzte, Errotako jaki goxoak izenburupean. Errota ikusteko moduaz gain, han ehotako artirinarekin taloak egin ahalko dituzte bisitariek, ondoren txokolatearekin beteta jateko.
Abuztuko larunbat guztietan, 10:30ean dira bisitak. Helduak 7 euro eta 12 urtez beheko haurrek 5 euro ordaindu behar dute. Izena emateko: barandiaran@gipuzkoanatura.eus / 943 18 03 35 / 688 895 069.
Larruntzako errota baino beheraxeago kokatuta, 1667an eraiki zuten Errotatxo, herriko beharrei erantzuteko. Hasieran bi harrikoa zen, baina XIX. mende bukaeran harri bat kakaoa ehotzeko erabiltzen hasi zen Martin Garaialde. Bertan egiten zuten txokolatea ere, eta Garaialde Txokolateak izenarekin merkaturatzen zuten. Garaialdek berak, 1900. urtean zerrategi industriala eraiki zuen, Errotatxo mugitzen zuten ur berberen hidraulikaz funtzionatzen zuena.