Beasaingo Ostadar dantza taldeak 24 orduz etenik gabe dantzan ospatuko du 40. urteurrena
Irailaren 20ko iluntzetik 21ekora, hamabost minutuko txandetan dantza egiteko gonbita zabaldu diete goierritar guztiei. 1984an sortu zuten dantza taldea. Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzailea ere omenduko dute, jaiotzaren 120. urtemugan.
Beasaingo Ostadar dantza taldeak 24 orduz dantzan ekimena gauzatuko du, irailaren 20tik 21era. Aurten 40 urte dira taldea sortu zutela, eta urteurren hori ospatzeko, 24 orduan etenik gabe dantzan jardungo dira. Irailaren 20an, ostirala, 20:00etan hasiko da, eta irailaren 21eko 20:00etan amaitu, Bideluze plazan.
“Beasaingo herria dantzan” jarriko dute, eta goierritar guztiei egin diete parte hartzeko gonbita. “15 minutuko txandetan, musikari eta dantzari ezberdinek herria alaituko dute, etenik gabeko musika eta plaza dantzen kate bat osatuz: fandango eta arin-arinak, jauziak…”, aurreratu du Ostadar taldeak ekimenarentzat sortutako webgunean. Helburu nagusia ekitaldi herrikoi bat egitea denez, dantza egitea edo musika jotzea gustuko duten guztiek parte hartu ahalko dute.
Informazio gehiago jasotzeko, 24orduzdantzan@gmail.com posta elektronikoa jarri dute eskura. Dantzari moduan ala musikari moduan parte hartu nahi den zehaztu behar da.
1984tik dantzan
Ostadar dantza taldea 1984an sortu zuten, Jesus Mari Garate dantza-maisua gidari zela. Haurren taldea izan zen hasieran, baina gero adin guztietakoei zabaldu zieten. “Hasiera-hasieratik ezarritako helburuari berrogei urtean eutsi diogu: herritik jasoa herriari zabaltzeko nahia. Bide horretan etorri dira azken urteetan egindako soinu-tresnen nahiz euskal jantzi tradizionalen inguruko erakusketa eta hitzaldiak, baita herritarrei eskainitako plaza dantzen ikastaroak ere”, dio taldearen sinopsiak. 2018an omendu zuten Jesus Mari Garate maisua (Ordizia, 1949) bera ere, urte hartan hila.
40. urteurreneko “gailurra” 24 orduz dantzan ekimenarekin joko dute, irailaren 20-21ean. Maurizia Aldeiturriaga pandero-jotzaile bizkaitarra (1904-1988) ere omenduko dute, jaio zela 120 urte baitira aurten.