San Gregorio jaietako herri otorduetako txartelak plazan salduko dituzte Ataunen
San Gregorio auzoko plazan salduko dituzte aurten, ez tabernetan, ondorengo hiru egunotan: abuztuaren 7an, 17an eta 23an.
Ataungo San Gregorio auzoan abuztuaren 29tik irailaren 3ra ospatuko dituzte festak. Jai Batzordeak aste honetan ipiniko ditu salgai herri otorduetarako txartelak. Aurten ez dituzte Ataungo tabernetan zabalduko, San Gregorioko plazan zuzenean saldu baizik. Hiru egun izendatu dituzte salmentarako, denetan 17:00etatik 20:00etara: abuztuak 7, 17 eta 23. Dirua ahal dela justu eramateko eskatu dute. Bestetik, Batzordekoek ez dituzte txartelak erreserbatuko; norberak joaterik ez badu, beste norbaiti eros ditzan eskatu beharko dio.
Festen lehen egunean, abuztuaren 29an, auzo afaria egingo dute (17 euro). Hilaren 30a kuadrillen eguna da, eta bazkaria (20 euro) zein afaria (20 euro) izango dira. Hilaren 31n oilasko jana antolatu dute (18 euro), eta irailaren 3an herri bazkaria (30 euro).