Turrientes, Paredes eta Lete futbolean dominen lehiara iritsi dira, finalaurrekoetara
Imanol Gartziandia eskubaloian final-laurdenetara igaro da. Alex Aranburuk 18. bukatu du errepideko txirrindularitza proba.
Parisko Olinpiar Jokoetan azken aurreko koskara iritsi dira futbolean ari diren hiru goierritarrak. Mutiletan, Beñat Turrientes beasaindarra finalaurrekoetan da. Espainiak ostiral arratsaldean final-laurdenetan 0-3 irabazi zion Japoniari; Turrientesek hondarreko minutuak soilik jokatu zituen, 84. minutuan Aimar Oroz nafarraren ordez zelairatuta. Finalaurreko partida gaur, astelehena, 18:00etan jokatuko dute Marokok eta Espainiak.
Nesken futbolean, erabakigarria izan zen Irene Paredes legazpiarra larunbat arratsaldean, Espainiaren bigarren gola 97. minutuan sartu baitzuten defentsak, eta luzapena behartu zuen (0-2 galtzen ari zen Espainia ordu laurden bat lehenago). Penaltietan lortu zuten azkenean finalaurrekora sailkatzea. Bihar, asteartea, 21:00etan jokatuko dute Brasilek eta Espainiak.
Eskubaloian, Imanol Gartziandiaren taldea final-laurdenetan da, sailkatze fasean A multzoan 3. sailkatuta, azken unean. Bosgarren eta azken partidan, igande gauean, 32-31 irabazi zion Espainiak Kroaziari. Gartziandiak gol bat sartu zuen. Lan beteagoa osatu zuen urretxuarrak ligaxkako laugarren partidan, ostiral iluntzean, 3 gol sartuta, nahiz Alemaniak 33 eta 31 irabazi zion Espainiari.
Eskubaloiko finalaurrekoa asteazkenean, abuztuak 7, goizeko 09:30ean jokatuko dute Espainiak eta Egiptok.
Alex Aranburu 18.a txirrindularitzan
Txirrindularitzan, azkenik, Alex Aranburu ezkiotarrak 18. postuarekin konformatu behar izan zuen, larunbatean. 273 kilometroko errepideko lasterketan, dominen lehiaren aukerarik galdu gabe iritsi zen azken zati erabakigarrira, Parisko kaleetan 18 kilometroko zirkuituari hiru bira emateko. Baina eraso etengabeek, ihesaldiek eta erritmo biziak erabat hautsi zuten lasterketa, eta azkenean dominen eta diplomen postuetatik atzera iritsi zen Trocaderoko helmugara, Eiffel dorrearen oinetan. Remco Evenepoel irabazlearengandik 2:13 minutura bukatu zuen Aranburuk. Valentin Madouas (1:11ra) eta Christophe Laporte (1:16ra) frantziarrek lortu zituzten zilarra eta brontzea.
Lehenbiziko aldiz parte hartu du Aranburuk Olinpiar Jokoetan. Espainiar selekzioko lehenbiziko sailkatua izan zen, Juan Ayusoren (22., 2:20ra) eta Oier Lazkanoren (35., 3:42ra) aurretik. Datorren larunbatean, abuztuak 10, Donostiako Klasikoan parte hartuko du ezkiotarrak.