Aurkia Turrientesentzat eta Gatziandiarentzat, ifrentzua Paredesentzat eta Leterentzat
Parisko Olinpiar Jokoetan, mutiletan futboleko finala jokatuko du Beñat Turrientes beasaindarrak; domina ziurtatuta dauka. Eskubaloiko finalaurrekora sailkatu da Imanol Gartziandia urretxuarra. Nesken futbolean, brontzezko dominarako lehiara atzerarazi ditu Egiptok Irene Paredes eta Elene Lete.
Parisko Olinpiar Jokoetan, mutilen futboleko finala jokatuko du Beñat Turrientes beasaindarrak. Astelehen iluntzean, Espainiak 1-2 irabazi zion Marokori finalaurrekoan. Turrientesek azkeneko 10 minutuak jokatu zituen, 88. minutuan zelairatu baitzuten. Urrearen lehiako finala ostiralean, abuztuak 9, 18:00etan jokatuko dute Frantziak eta Espainiak.
Futboleko mikatza Irene Paredes legazpiarrak eta Elene Lete zumarragarrak probatu zuten, atzo gauean. Brasilek 4-2 menderatu zuen Espainia, eta finala jokatzeko helburua eragotzi dio. Paredesi bere atean gol bat ezarri diote, gainera, bere atezainak urruntzerakoan legazpiar defentsaren soinean jota sartu baitzen baloia atean. Titular atera zen Paredes, eta 51. minutuan aldatu zuten, bigarren zatia hasi eta segituan. Elene Lete ez zuten konbokatu. Brontzezko dominarako lehian, Espainiak eta Alemaniak ostiralean, abuztuak 9, 15:00etan jokatuko dute.
Eskubaloian, Imanol Gartziandia ari den Espainiako taldea finalaurrekora iritsi da. Gaur goizean jokatu dute Espainiak eta Egiptok. Arauzko 60 minutuan 25na amaitu ondoren, luzapenean 29-28 gailendu zaio Espainia talde afrikarrari. Gartziandia titular atera da, eta lehen zatian jokatu du; bi jaurtiketa egin bai baina ez du golik sartu. Oraindik jokatzeko dagoen Alemania-Frantzia laurdenetako kanporaketatik aterako da Gartziandiaren hurrengo aurkari, finalaurrekoa. Danimarka-Suedia eta Norvegia-Eslovenia dira beste adarreko kanporaketak –denak gaur–.