Baratxuria eta piper morro gorria, Ordiziako azokan gaurko berritasunak
Perretxiko eskaintza ere itzuli da Ordiziako plazara. Sagar mota berri bat zeukan salgai Oriak. Oporren nagia nabaria izan da ferian.
Ordiziako asteroko azokak hutsik egin gabe ase ditu gaur ere betiko erosleen, oporretara alde egin ez dutenen eta oporren aitzakian bertaratu direnen beharrak. Nobedade batzuk ekarri dituzte, gainera, garaiak ez baitio lan-egutegiari itxaroten. Aramako Maite Zurutuzak baratxuri buruak aurkeztu ditu. Banaka saltzen zituen, 0,70 euro buru bakoitza. Oporrei esker, kasu honetan, azken asteetan Liher gazteak lagunduta izan da Zurutuza azokan saltzen. Udaro izaten da Liher azokan izeba Arantxari edo Maiteri laguntzen.
Aramako Patxi Arizmendik piper morro gorria zeukan salgai, kiloa 4 euroan. Piper berdea da berez, baina gorritu arte heltzen utzitakoa. Aurreko asteetan ere bazituen beste piper mota batzuk Arizmendik: pipermina (aurten gutxi dagoela esaten ari dira, kiloa 10 eta 14 euro artean dago), italiar berdea, Gernikakoa, Kakute izeneko berde luzea, eta morroa.
Itsasoko Maria Jesus Oriak sagar mota berri bat jarri du salgai, zaporez gazitik gehiago daukana gozotik baino. Kiloa 2,50 euroan saldu du.
Bestetik, perretxikoak itzuli dira. Joan zen astean ez zegoen batere, Barcina ez zelako etorri eta Lasak ez zuelako ezer saltzeko. Gaur biak etorri dira, eta honako hau eskaini dute: Barcinak 20 kilo onddo (24-33 euroan kiloa) eta 5 kilo zizahori (18-20 euro), eta Lasak 30 kilo zizahori, 20 euroan.
Eguraldia bezala jendearen emana, motelak. 10:30 aldera 23 gradu eta oreatuta zegoen. Ostarte batzuk ere zabaldu ditu gero. Bezeriaren irudiaren antzeko: jendea, erostera edo paseora, ohi baino beranduago atera da, nabari da oporretan daudela asko.