Gabiriako festak, abuztuaren 13tik 17ra
Kontzertu handiak antolatu dituzte bi egunetan: Ithaka eta Belako taldeek joko dute 14an, eta Leihotikan, Tatta&Denso eta DJ Bull ariko dira 16an.
Gabiriako Andre Mari eta San Roke festak abuztuaren 13tik 17ra bitartean ospatuko dituzte. Pregoia adinekoen taldeak egingo du aurten, hilaren 13an, asteartean, udaletxeko balkoitik. Aurrez, larunbat honetan, abuztuak 10, San Lorentzo eguna, meza eta hamaiketakoa izango dira Korta jatetxearen inguruan.
Bi egunetan musika-kontzertu indartsuak jarriko dituzte. Hilaren 14an, asteazkena, Orioko (Gipuzkoa) Ithaka pop-rock laukotea ariko da, lehenengo. Hiru disko argitaratuak dira, 2021etik 2023ra. Ondoren, Mungiako (Bizkaia) Belako talde beteranoa igoko da oholtzara. 2014an atera zuten aurreneko lana, Bele beltzak baino ez, eta 2023an berritu zuten diskografia, Sigo regando-rekin. 2011n sortua, Gaztea maketa lehiaketa irabazi zuten, 2012an. DJ Fresamorango disko jartzaileak borobilduko du gaua.
Bigarren kontzertu handia, hilaren 16an, beste hiru izenek osatuko dute. Iruñeko Leihotikan punk-rock taldea izango da kartelburu. 32 urte daramate eszenan, 1992tik, Kaliforniako giroko hardcore melodikoarekin. Hamar laneko diskografia ondu dute, beti Gor disketxearen eskutik, azkena 2018ko Non zaude? bikoitza. Kontzertuko bigarren artista Tatta arrasatearra izango da, musika urbanoaren euskal erreferentzietako bat gaur egun. Martin diskoa argitaratu zuen iaz Denso ekoizlearekin batera, eta Gaztea Sarietan abesti onenerako izendatu zuten. Festari ginga jartzen DJ Bull arduratuko da. Festetan eta plazetan euskarazko musika zabaltzen ari da Jon Gotzon Gurrutxaga irurarra, duela 20 urte baino gehiagotik.
Musika eskaintzari dagokionez, 13an Elektrotxorongo elektro-txaranga ariko da, 15ean Itzal erromeria taldea, eta 17a Joselu Anaientzat geratuko da.
Gainerakoan, ohiko egunak izango dituzte Gabiriako jaiek. Bertsolarien jaialdia hilaren 14an egingo dute, plazan. Andoni Egaña, Alaia Martin, Nerea Elustondo, Jexuxmari Irazu, Aitor Tatiegi –Osinalde sariketan bigarren sailkatua– eta Aratz Igartzabal herritarra dira kantatzekoak. Andre Mari egunean, 15ean, ohiko Ormaiztegi-Gabiria txirrindulari igoera herrikoia eta mozorrotuen festa egingo dituzte, eta San Roke egunean, 16an, Goruntz dantza taldearen saioa eta sagardo eta txistor dastaketak.
San Roke Txiki merienda aldatuta
Berritasun nabarmen bat izango dute 2024ko jaiek. Abuztuaren 17an, bukaerako San Roke Txikitako afari-merienda eraldatu dute. Orain arte, norberak eramandako edo elkarteek zerbitzatutako afaria izaten bazen –ardoa udalak jarrita–, aurten eta aurrerantzean herri-afari modura egingo dute otordu hori. Erramun Amundarain ordiziarraren taldeak prestatuko du afaria, eta plazan afari bateratua egingo dute gabiriar guztiek. Txartelak Ostatuan dauzkate salgai, abuztuaren 10era arte: helduarena 20 euroan (bi plater eta postrea), eta 12 urte arteko haurrena 5 euroan (plater bat eta postrea).
Lehenbiziko aldiz, jaietako lepoko zapiak ere atera dituzte. Horiek ere Ostatuan eros daitezke, 4 euroan bakoitza.
Herriko festen ezaugarrietako bat diren bola eta toka lehiaketak ere hiru egunetan jokatuko dira, plazan. 15ean eta 16an irekiak –federatuentzat zein herritarrentzat–, eta 17an herri mailakoak. Diru sari eta opari ugari jarri dituzte saritan. Hilaren 17a, bestetik, Haurren Eguna izendatu dute. Umeentzat jolasak eta atrakzioak egongo dira arratsalde osoan, doan.
EGITARAUA
Abuztuak 10, larunbata. San Lorentzo eguna Ugarangoikoa auzoan (Korta)
- 11:00. Meza nagusia, San Lorentzoren kaperan.
- Ondoren. Hamaiketakoa, Korta jatetxean.
Abuztuak 13, asteartea
- Egun osoan. Txistularien biribilketa baserriz baserri, jaien hasiera iragartzeko.
- 17:30. Pilota eta pala partidak, Alkainburu pilotalekuan.
- 19:30. Txupinazoa eta Makilaren jaitsiera, plazan. Pregoia adinekoek, dantzariak, txistulariak, erraldoiak eta buruhandiak.
- 21:00. Gazte afaria, plazan.
- 00:00. Elektrotxorongo elektro-txaranga.
Abuztuak 14, asteazkena
- 13:00. Herri kirol erakustaldi-apustua, plazan.
- 16:300. Umeentzat ur jolasak eta apar festa.
- 18:30. Bertso saioa, plazan. Andoni Egaña, Alaia Martin, Nerea Elustondo, Jexuxmari Irazu, Aitor Tatiegi eta Aratz Igartzabal.
- 23:00. Kontzertuak: Ithaka, Belako eta DJ Fresamorango.
Abuztuak 15, osteguna, Andre Mari eguna
- 11:15. Meza nagusia.
- 12:00. 31.Txirrindulari igoera herrikoia, Ormaiztegitik Gabiriara.
- 18:00. Ume jolasak eta haurren mozorro dantza.
- 18:30. Bola eta toka lehiaketak. Izen-ematea 19:30 arte.
- 22:30. Itzal erromeria taldea.
- 00:00. Mozorro lehiaketa.
- Ondoren. Itzal erromeria.
- Goizaldean, baratzuri-zopa.
Abuztuak 16, ostirala, San Roke eguna
- 11:15. Meza nagusia.
- Ondoren. Goruntz dantza taldearen saioa.
- 19:00. Sagardo dastaketa eta txistor lehiaketa-dastaketa.
- 18:30. Bola eta toka lehiaketak. Izen-ematea 19:30 arte.
- 23:00. Kontzertuak: Leihotikan, Tatta&Denso, eta DJ Bull.
- Goizaldean, baratzuri-zopa.
Abuztuak 17, larunbata, San Roke Txiki eguna
- 12:00. Bola, toka eta tiragoma lehiaketak, herritarrentzat.
- 16:30-19:00. Umeen Eguna, atrakzioak.
- 19:00. Ardo beltz banaketa.
- 20:00. Herri afaria, plazan.
- Arratsaldean eta gauean, Joselu Anaiak musika taldea.