Garagardo azokak Lazkaoko irail betea elikatuko du
Gerriko elkartearen ekimena uztailetik atzeratu dute, eta garagardoaren inguruko festa irailaren 12tik 14ra egingo dute.
Lazkaoko Gerriko kultur elkarteak antolatu ohi duen garagardo azoka irailaren 12tik 14ra izango da, aurten. Iaz arte uztailean jartzen baldin bazuten ere, aurten udaren azkenera aldatzea erabaki dute. Ohi bezala plazako frontoian, artisau garagardo eta bestelako eskaintza zabala ipiniko dute, hiru iluntze-gautan dastatzeko. Jatekoa ere emango dute.
Iraileko ekitaldi-agenda bete-betea etorriko da Lazkaon. Unai Dominguez zenaren oroimeneko hirugarren motozale topaketa irailaren 7an egingo dute. Hurrengo asteburuan, irailaren 12, 13 eta 14an, Gerrikoren garagardo azoka; hirugarren asteburuan IV. Aho Lehor musika jaialdia (21ean) eta Basherri Eguneko feria eta erakusketak (22an); eta hilabetea errematatzeko, azkeneko asteburuan San Migel festak ospatuko dituzte (29an), baita JTK Eguna ere herri kirol, bazkari eta erromeriarekin (28an). Sagardo dastaketa ere egingo da, eta Maizpide euskaltegiaren Udako Ikastaroetako kultura-egitarauak jarraituko du.