Xabier Isasa eguneko ihesaldian izan da Burgosko Itzuliko etapan
Mena harana-Ojo Guareña bigarren etapan 148 kilometroan joan da lasterketa buru, beste hiru iheskiderekin. Alex Diaz urretxuarra ere (Caja Rural) profesionalekin ari da lehiatzen.
Xabier Isasa txirrindulari urretxuarra (Euskaltel Euskadi) Burgosko Itzulian parte hartzen ari da, UCI World Tourreko talde ugariren presentziak prestigiotu duen bost eguneko proban. Atzo, asteartea, eguneko izen nagusietako bat izan zen, ihesaldi nagusia harrapatu eta bide luzea egin baitzuen lasterketa buruan, Gorka Sorarrain (Caja Rural) tolosarrarekin eta Aparicio eta Sevilla espainiarrekin batera.
Mena harana-Ojo Guareña 2. etapan (161 km) 148 kilometroan joan zen laukotea ihes eginda. Tropelak azken kilometroetan harrapatu zituen, eta esprintean ebatzi zen etapa garaipena, Caleb Ewan (Jaico) australiarrarentzat. Isasa 100. postuan helmugaratu zen azkenean, 1:32 minutura. Sailkapen nagusian 98. dago, Ewan liderrarengandik 1:41era.
Burgosko Itzulian ari da Alex Diaz urretxuarra (Caja Rural) ere. Afizionatua da aurten oraindik berez, baina profesionalekin stagiaire edo aprendiz modura ari da abuztuaren lehenetik, eta profesionalen karrerak korrituko ditu aurtengo denboraldia bukatu arte. Amateurretan sei lasterketa irabazi ditu aurten, Caja Rural-Alea taldearekin. Burgosen nausian 53. postuan dago, liderrarengandik 10 segundora.