Beasainek Arcachonen aurka jokatuko du aurredenboraldiko lehenengo partida, bihar
Loinatz futbol zelaian, larunbatean 11:30ean hasiko da neurketa. Taldea gaztetu duten bederatzi jokalari berriak ezagutuko dituzte zaletuek.
Beasain Kirol Elkartearen aurreneko futbol taldeak bihar jantziko ditu lehen aldiz praka motzak, denboraldi aurreko estreinako prestaketa partida jokatzeko. Hirugarren Mailan lehiatuko den taldea uztailaren 30ean hasi zen entrenatzen, eta aurreneko indar neurtzeak egingo ditu bihar Mikel Arruabarrenak zuzendutako taldeak.
Arcachon taldea izango du aurkari. Partida Loinatz futbol zelaian, bihar larunbata, 11:30ean hasiko da. National 3 ligan jokatzen du Bassin d’Arcachonek, Frantziako bosgarren mailan.
Beasainek gaztetu egin du taldea, iazko denboralditik. Hamar jokalarik utzi dute taldea, eta bederatzi fitxaketa egin ditu Kepa Lasa presidente duen klubak: Unai Vea (Pasaiatik etorritako atezaina), Alejandro Nores (eskuin hegalekoa, Realetik), Asier Lazkano (Pasaiatik, erdilaria), Eneko Lizaso (Realetik, erdilaria), Julen Olasagasti (Ondarroako Aurrera taldetik, erdiko atzelaria), Beñat Gonzalez (Touringetik, erdilaria), Koldo Ferrer (Pasaiako erdilaria), Eñaut Mendia (Lagun Onaketik, aurrelaria) eta Ander Bengoetxea (Lagun Onaketik, aurrelaria).
21 jokalarirekin aurre egingo dio Beasainek 2024-25 denboraldiari. Mailaz igotzeko fasean borrokan ikusi nahi du bere burua berriz.
Beasain-Arcachon biharko partidaren ondoren, beste bost neurketa edukiko ditu prestatzeko Goierriko lehen taldeak. Abuztuaren 14an, asteazkena, Beasain-San Ignacio (19:30); abuztuaren 17an, larunbata, Beasain-Pasaia (11:30); abuztuaren 24an hiruko txapelketa Arrigorriagan (Bizkaia), Padura eta Eibar Urko taldeekin; abuztuaren 27an Beasain-San Juan (19:30); eta abuztuaren 31n Beasain-Anaitasuna (11:30). Liga irailaren 7an hasiko da.