Eingo taldeak dantzan eta kantan alaituko du Lazkao gaur
Kale giroko musika jotzaileak 18:30ean hasiko dira, Maizpideren Udako Ikastaroetako kultura-agendan.
Lazkaoko kaleak eta taberna inguruak musikaz eta dantzaz hornituko ditu, gaur, Eingo musika talde bizkaitarrak. Maizpide euskaltegiaren Udako Ikastaroetako egitarauaren barne, herria animatzen ibiliko dira, 18:30ean euskaltegitik abiatuta. Tabernaz taberna eta plazarik plaza, euskal abestiak eta dantzak joko dituzte, herritarrek eta euskara-ikasleek goza ditzaten.
Euskal Herriko folkloreko altxorrak berritzen eta plazaratzen ditu Eingo taldeak. Horren ispilu da Kantan ta dantzan emanaldia, gaur Lazkaon egingo dutena. Ibarrangelun (Bizkaia) 2015ean elkartu ziren kulturazale eta musikazale zenbait, eta harrezkero etenik gabe dabiltza herririk ere. Eingo taldeari buruzko erreportajea Busturialdeko Hitza-n irakurgai.
Maizpidek abuztuan zehar ere ekitaldi sorta bat eskainiko du, udako ikastaroetan dabiltzan ikasleei eta Lazkaoko herritar guztiei zuzenduak. Asteko bat antolatu dute. Gaur Eingo taldearen Kantan ta dantzan emanaldia, abuztuaren 13an Amaia Bonoren Belarriprest emankizuna (18:30, euskaltegiko zineman), hilaren 22an Patxi Perez eta Konpainiaren plaza-dantza emanaldia (18:30ean, plazan), eta 29an triki-bertso poteoa izango dira.