Goierritarren tropela, bihar Donostiako Klasikoan
Profesionaletan dabiltzan eskualdeko ziklista guztiek parte hartuko dute UCI World Tour mailako lasterketan. 10:45ean hasiko da.
Euskal txirrindularitza egutegiko karrera garrantzitsuenetakoa izan ohi den 44. Donostiako Klasikoa bihar jokatuko da, 236 kilometroko etapa luzearekin. 10:45ean emango diote irteera Donostian. Villabonara etorri, eta Asteasutik gora Andazarrate (3.mailako mendatea), kostaldean mendebalderantz segi eta ondoren Elgoibar aldetik Azkarate (3.maila), Azpeititik gora Urraki (2.maila), Anoetatik Alkiza (3.maila), eta azken partean Jaizkibel (2.maila), Erlaitz (1.maila) eta Pilotegi (2.maila) igoko dituzte. Goierritik gertuen pasatuko direna, Azkarate-Azkoitia eta Urraki-Tolosa aldeko pasaeretan izango da.
Goierri zapalduko ez duen arren –urteak dira herrialdeko bira klasikoa egin ez duena–, eskualdeko partaidetza oparoa izango du Donostiako Klasikoak. Izan litekeen oparoena, aidanez. Profesional goierritar guztiek parte hartuko dute bihar. Cofidisek Ion Izagirre ormaiztegiarra aurkeztuko du taldeburu, eta Gorka Izagirre ere zazpikoan irtengo da. Movistarrek Alex Aranburu ezkiotarra eramango du agintari. Euskaltel-Euskadik, bere aldetik, hirukote goierritarra izango du: Xabier Berasategi olaberritarra taldeburu, eta Nicolas Alustiza zumarragarra eta Xabier Isasa urretxuarra ezkutari –Isasak gaur amaituko du Burgosko Itzulia–.
Espainiako Vueltarako, zintzilik
Hurrengo hitzordu nagusia Espainiako Vuelta izango da, urteko hirugarren eta hiru asteko azken itzuli handia. Abuztuaren 17an hasiko da, Lisboan, eta irailaren 8an amaitu. Oraindik taldeek ez dute harako aukeratutako txirrindularien berri eman. Euskaltel-Euskadik parte hartuko du, gonbidautza bidez, eta Xabier Berasategi iragarrita dauka.
Aurretik, ordea, Getxoko Zirkuitua ere jokatuko da, igande honetan, abuztuak 11. Ion Izagirre eta Gorka Izagirre (Cofidis), Xabier Berasategi eta Nicolas Alustiza, (Euskaltel) irtengo dira. Alex Aranburu, 2018ko Getxoko irabazlea, ez.
Donostiako Klasikoa ibilbidea eta ordutegia 2024-8-10