Igaratzako eguna igandean ospatuko da
Aralarko paraje horretako urteko festan, San Migel Goiaingeruaren irudiak Gipuzkoako lurrak zapalduko ditu, Lazkaoko beneditarrek emango duten mezarako. Erromeria egingo dute gero. Adinekoek eta ezinduek Guardetxetik Igaratzara autoetan joan ahalko dute.
San Migel Goiaingeruak Nafarroako egungo mugan gainditu eta Gipuzkoa zapaltzen duen urteko egun bakarra igandean izango da. betiko legez abuztuko bigarren igandean. Igaratzako festa ospatuko da, ohitura horren bueltan. Aralarko Adiskideak elkarteak antolatuta, egun pasa egiteko ekitaldi batzuk jarriko dituzte.
Goizean, lehenbizi, San Migelen iritsiera bera izango da arreta hartuko duena. Irudia 09:00etan aterako dute Aralarko Santutegitik, eta Goardetxeraino eramango dute. Han, 10:30ean, irudiaren ondoan argazkiak ateratzeko aukera izango da. Pixka batean han eduki ondoren, Igaratzarako bidea hartuko dute. 11:30ean, Errenagan, San Migelek eta Aralarko Andre Mariaren gurutzeak bat egingo dute. Ermitara bideratu, eta 12:00etan meza izango da. Lazkaoko beneditarrek emango dute, aspaldiko zereginari eutsita. Rufino Mujika prioreak, Juan Joxe Agirrek eta Aralarko santutegiko arduradun Alfonso Gartziandiak –lehen aldiz, Mikel anairen ordezko– emango dute meza
Erromeria izango da ondoren, Igaratzan. Salda, txorizoa eta haragi egosia banatuko dute mendizaleentzat, artzainentzat eta joaten diren bisitari guztientzat. 17:30ean agurtuko dute San Migelen irudia berriro, bueltako bidea hasteko. Taldeko argazkia aterako dute.
Autoan joateko aukera
Igaratzara Goardetxetik autoz joaten utziko dute aurten –normalean baimenduek bakarrik izaten dute eskubidea horretarako–. 11:00etatik 15:00etara Goardetxeko langa irekita egongo da, eta pertsona batek kontrolatuko du autoen pasabidea. Mendi bideetan ibiltzeko moduko lur orotako edo 4×4 autoak behar dira. Aurreratu dutenez, adin aurreratukoek eta ezintasunen bat daukatenek izango dute beren auto partikularrean igotzeko aukera. Bestetik, Tolosako mendi elkartekoek eurek ibilgailu bat erabiliko dute, goizean goizetik, nahi duen jendea bertan Goardetxetik Igaratzara igotzeko.
Igaratzako eguna 1947tik ospatzen da, ermita inauguratu zenetik. Tolosako Aralarko Adiskideak elkarteak bultzatu zuen egitasmoa. 1946an, lehen aldiz, aldarea babesten zuen estalpea soilik egin zuten. Lehen meza hura irailaren 15ean izan zen, eta Lazkaoko beneditar Alberto Begiristainek eman zuen. Hurrengo urtean, 1947an, ermita osoa eraikita zeukaten, gaur egun dagoen moduan. 1947ko irailaren 21ean inauguratu zuten ofizialki ermita. Amabirjina bat “asmatu” zuten harako, gainera. “Ama Birjina Aralarkoa, artzainen zaindaria”, bere iruditeria, bertso, kantu eta guzti.