Mariano Garmendia legorretarrak parte hartu duen 'Cuerpo escombro' filma gaur estreinatuko dute
Komedia eran ekoitzitako film espainiarrak, gutxitasun fisikoa dutenen egoera azaleratzen du, sarkasmoz eta ukitu ganberroz.
Talidomida botikak kaltetutakoen AVITE elkarteko kide Mariano Garmendiak Cuerpo escombro filmean parte hartu du. Ekoizpen espainiarrak gutxitasun eta ezgaitasun fisikoa duten pertsonen egoera azaleratzen du, komedia eran eta ganberro puntuz bada ere. Lana aurkitzeko ezintasunen aurrean, urritasun psikikoa daukala irudikatuko du gazte batek, horrek bidea erraztuko diolakoan. Baina ezindua izatea ez dela horren samurra konturatuko da. Gaur aurkeztuko dute, zinema-aretoetan.
Espainiar zinemako aktore eta izen ospetsuek parte hartu dute Curro Velazquezek zuzendutako Cuerpo escombro pelikulan (90 minutu): Dani Rovira, Ernesto Sevilla, El Langui, Antonio Resines, Cassandra Ciangherotti, Omar Chaparro, María Hervas, Tito Valverde eta Leo Harlem daude aktore zerrendan. Tartean, agerraldi batzuk eta presentzia izango du Mariano Garmendiak. “Aktore talde honen tartean parte hartu ahal izatea ohorea da niretzat”, aitortu du. Lehenago, Netflix etxearen White line seriean ere parte hartua da Garmendia.
Otsailean eta martxoan Bilbon grabatu zuen Garmendiak. Gaur estreinatuko dute zinema-aretoetan. “Oso ondo moldatu ginen. Nire papera ez da oso luzea, baina zazpi-zortzi egunez aritu nintzen aktore handi horiekin grabatzen”. Eibarren ere aritu ziren errodatzen.
Kalteordainarekin borrokan
Talidomidaren kalteak jasan zituztenek iaz lortu zuten Estatuak beren egoera aitortzea eta subsidiarioki kalteak erreparatzea. AVITE elkarteak zenbait aldaketa eskatu ditu, ordea, kalteordainen ordainketan eta dekretuaren ezarpenean arlo onartezinak ikusita.
Mariano Garmendiak berak azaldu duenez, iazko uztailean onartu zuen Espainiako Gobernuak talidomidaren kalteei buruzko errege dekreta. “Horren harira bi gipuzkoarri onartu ziguten kalteordaina. Arauen batzuk ez ziren oso legezkoak, gure ustez, eta AVITEk helegite bat jarri zion dekretuari. Orain, Auzitegi Gorenak errege dekretu horren hainbat klausula ezeztatzen dituen epai bat atera du. Beste bost gipuzkoarrek ere badute orain kalteordaina jasotzeko eskubidea, tartean Alex Vallejo lazkaotarrak”.
Garmendiak azaroan jaso zuen kalteordaina, baina ez daude ados kopuruaren gainean Ogasunak aplikatu dien kenkariarekin: “Ogasunak %47 kendu digu, laneko errendimenduen kontzeptuagatik. Hori aldatzeko borrokan ari gara”, kenkari hori ezabatzea lortzen duten eta Ogasunak parte hori itzultzea lortzeko.