Bi domina ekarriko dituzte goierritarrek Parisko Olinpiar Jokoetatik
Beñat Turrientes beasaindarrak urrea lortu du, futbolean. Imanol Gartziandiak brontzezkoa irabazi du, eskubaloian. Partaidetza historikoa izan du Goierrik Parisen, atleta kopuruz bezala emaitzaz.
Beñat Turrientes futbolari beasaindarrak urrezko domina irabazi du. Ostiral iluntzean, mutilen futboleko finala 3-5 irabazi zion Espainiak Frantziari. Turrientes partidako 83. minutuan zelairatu zen. Hiruna amaitu ziren arauzko 90 miinutuak, eta luzapenean bi gol sartzea lortu zuen estatuko taldeak. Urrezko domina jantzi du Turrientesek, eta aita zenari eskaini dio lorpena, sare sozialetan “Zuretzat, aita” idatzita.
Eskubaloian, gaur goizean, Pierre Mauroy estadioan Imanol Gartziandiak kolkoratu du beste domina bat: brotzezkoa, kasu honetan. Kontsolamenduko finala 23 eta 22 irabazi dio Espainiak Esloveniari. Gartziandia hasierako zazpikoan atera da; golik ez du sartu, 9 metrotik bi jaurtiketarekin saiatu arren. Ostiral arratsaldean, Alemaniak 25 eta 24 irabazita eragotzi zion estatuko taldeari finalera sartzea. Partaidetza aipagarria izan zuen Gartziandiak; hasieratik atera zen kantxara, eta bi gol sartu zituen (5 jaurtiketatatik).
Nesken futbolean, dominen atarian geratu dira Irene Paredes legazpiarra eta Elene Lete zumarragarra. Laugarren amaitu dute lehiaketa olinpiarra. Ostiralean, Alemaniak 1 eta 0 irabazi zion Espainiari 3.-4. postuetarako partidan. Dominarik gabe geratu dira, beraz, goierritarrak. Paredes ez zuen deialdian sartu Montse Tome entrenatzaileak; bai, aldiz, Elene Lete. Ordura arte deialdietatik kanpo geratua bazen ere, azken neurketan ordezko atezaina izan zen Lete; hala, domina jasotzeko eskubidea emango ziokeen horrek, baldin brontzea irabazi balute.
Bi domina hauekin, Goierriko kirol olinpiarrerako mugarria ezarri dute. Turrientesen urreak Mikel Lasa legorretarrak 1992n Bartzelonan irabazitako urrea parekatu du, orain arte olinpismo goierritarraren sabaia zena berdinduta. Inoiz ez dira eskualdetik aurten bezainbeste kirolari joan Olinpiar Joko batzuetara. Bost goierritarrek lehiatu dira Parisen: Irene Paredes legazpiarra (futbola), Elene Lete zumarragarra (futbola), Imanol Gartziandia urretxuarra (eskubaloia, brontzezko domina), Beñat Turrientes beasaindarra (futbola, urrea) eta Alex Aranburu ezkiotarra (txirrindularitza).
Domina kopuruz ere, aurtengo bi dominak inoizko gehienekoak izan dira Joko bakarrean.