Beasaingo Udalak aurtengo udalekuen balorazio ona nabarmendu du
Nafarroako Lekarozen egon dira herriko 50 gaztetxo, uztaila hasieran,.
Beasaingo Udalak aurten ere antolatutako udalekuen balorazioa kaleratu du, eta balorazio horrek “emaitza onak” utzi dituela nabarmendu du. Uztailaren 1etik 10era bitartean egin ziren, 50 gaztetxoren partaidetzarekin, Nafarroako Lekarotz herria, Arazi enpresak kudeatuta.
Euskara sustatzen duten udalekuak dira, eta helburu hori bete dutela diote udalekuen arduradunek eta udalak, baita gaztetxoak naturaz gozatzea eta euskararekin lotura duen kulturan murgiltzea lortu dutela ere.
Euskara eta natura
Nafarroan garatu diren udalekuetarako eskainitako 50 plazak berehala bete zirela gogoratu du udalak, eta “honek agerian utzi zuen zerbitzu honi herritarrek emandako erantzun ona”.
Bestetik, euskarazko udalekuak antolatzerako garaian, “haurren artean euskararen jakintza eta erabilera indartzeko helburuari” lehentasuna ematen dion arren, horri lotuta badela beste helburu bat ere gogoratu du: “Eskola ikasturtea amaituta, opor garaian familien kontziliazioan lagunduko duen udaleku zerbitzua eskaintzea”. Horrekin batera, “giro euskaldunean naturaz gozatzea, garapen pertsonala sustatzea, eta balio hauek haurren artean zabaltzea ere” bada udalekuen xedea, “hala nola, berdintasuna, errespetua, elkarbizitza, lankidetza, erantzukizuna, autonomia, elkartasuna, edota aniztasuna”.
Udalaren atu den Arazi enpresaren iritziz, “orokorrean” ekimenak dituen helburu nagusiak bete dira. “Gaztetxo talde jatorra eta aktiboa” izan da uztailaren 1etik 10era Lekarozko “Valle de Baztan” gazte aterpetxean bildutakoak, 9 eta 13 urte bitarteko gaztetxoak hain zuzen, “errutinatik irteteko eta harremanak sustatzeko aukera” izan dutenak.
Aterpetxearen eta inguruaren balorazioa ere “aparta” izan dela azaldu du udalak. Azpiegitura aldetik “oso espazio aproposa da, eta baliabide asko eskaintzen dituena”. Lekaroz herria eta inguruko natur parajeak ezagutzeko aukera ere izan dute udalekuetako parte hartzaileek. “Aisian ondo pasatzea eta euskararekin lotura duen kulturan murgiltzea lortu da”.
Balorazio hauek inkesta bidez gurasoen erantzunak jaso ondoren egin dira. Inkesta horietan asebetetze maila oso altua dela ondorioztatu da. Erantzunen %87k udalekuak oso egokiak direla adierazi dute, eta %100ek seme-alabek esperientzia berriro errepikatuko luketela diote.