Bigarrenari heltzeko prest
Bartolome Deuna jaien bigarren asteburua izango dute Itsason, gastronomia, musika eta kirola uztartuz.
Itsasoarrek Bartolome Deuna jaien bigarren asteburuaz gozatzeko aukera izango dute asteburu honetan. Gastronomia, musika eta kirola izango dira asteburuko egitarauaren oinarriak. Larunbatean, esaterako, mendi bizikleta trabesia dago arratsaldean, 23. urtez antolatuko dute aurten.
Jaione Sasieta antolatzaileetako batek esan duenez, «jaietan kirol saioren bat» sartzeko asmoz hasi ziren mendi bizikleta trabesia antolatzen orain bi hamarkada. Azken urteetan «50-60» bizikleta zaleek parte hartu izan dute. Tartean, itsasoarrak ez ezik inguruko herrietako askok «Gabiria, Ormaiztegi, Ezkio, Legazpi, Urretxu eta Zumarragatik» ere inguratzen dira parte hartzaileak.
Bertako produktuen saskia
Guztira 27 kilometroko ibilbidea prestatu dute, «eguraldiaren arabera» zatiren bat edo beste moldatu beharko duten arren. Itsasoko plazatik abiatuta, «Alegi auzoa, Ezkio, Atxurza, Kizkitza eta San Bartolome ermita» igaroko dituzte, hasitako leku berean amaitzeko. Ez dela lehiaketa, eta ez da irabazlerik izango, baina, parte hartzaileen artean bertako produktuen saski bat zozketatuko dute amaieran.
Trabesia 16:30ean hasiko da larunbatean eta parte hartzeko, nahikoa da aurretik bertan agertu eta izena ematea.