Gabiriako Baztarrikakoek bi sari lortu dituzte Londresen
Gabiriako Baztarrika gaztandegiko gaztak nazioarteko beste titulu bat lortu du. Londresen jokatzen den Great Taste 2024 edo Dastaketa Handia lehiaketan bi sari jaso ditu: gazta naturalaren eta ketuaren arloetan izar bana. Baztarrika gaztandegiko nagusiak Asier Osinalde eta Eli Elgarresta senar-emazteak dira. Osinalde zumarragarra da. Legazpiko fabrika batean lan egiten zuen eta duela 21 urte lantegia utzi zuen emaztearen familiaren gaztandegian lan egiteko.
Great Taste lehiaketako epaileak gaztaren zaporean zentratzen dira, eta ezaugarri horretako munduko lehiaketarik garrantzitsuenentzat hartzen da. Idiazabal Gaztaren jatorri izendapeneko kontseilu arautzaileak arlo hori nabarmendu du, hain justu.
Idiazabal Gazta izeneko bost gaztandegi saritu dituzte Londresen. Baztarrikarekin batera, Segurako Ondarre, Joxemari Jauregi eta Elixabet Gorrotxategi goierritarrek Ilarduian (Araba) egiten duten La Leze gazta, Patxi Lopez de Uralde (Barrundia, Araba) eta Etxelekua (Urdazubi, Nafarroa) dira beste sarituak.
Guild of Fine Foods argitaletxe ingelesak 1994tik antolatzen du Great Taste lehiaketa. Jaki eta produktu askotan bereizten dira lehiaketa. 500 adituk baino gehiagok, itsu-itsuan probatzen dituzte jakiak, zaporearen arabera epaitzeko. Nazioarteko errekonozimendu eta lorpen horiengatik, “harrotasuna” erakutsi du Idiazabal Gaztaren kontseilu arautzaileak.