Gilbo eta Cueto Cabron mendietara irteera antolatu du Arrastaka taldeak
Irailaren 7 eta 8ko astebururako antolatu dute mendi irteera. Izena emateko bilera irailaren 3an izango da.
Arrastaka Mendi Taldeak Riaño eta Mampodreko mendien Natur Parkera (Leon) irteera antolatu du, irailaren 7 eta 8rako. Gilbo (1.674 metro) eta Cueto Cabron (1.539 metro) mendiak igotzea izango da helburua.
Riañoko urtegiko zubitik abiatzen den bidea hartuta, Vallarque gailurraren ertzetik igoko dira ekialdeko arraildura igaroz, gailurrera arte. Jaitsiera, mendebaldeko isurialdetik egin, eta pagadian, Cueto Cabron aldera joango dira.
Hautatutako ibilbideak zailtasun maila altua izango duela aurreratu du mendi taldeak. Horregatik, sasoian egotea eta goi-mendiko jardueretan esperientzia izatea beharrezkoa da. Ezinbestekoa da mendiko federatu txartela izatea.
Ibilbide hau egiteko interesa dutenek, irteeraren inguruko xehetasun guztiak zehaztu eta zalantzak argitzeko bileran parte hartu beharko dute. Irailaren 3an, asteartea, 19:00etan izango da, Ehunmilak-Arrastaka taldearen egoitzan, Beasaingo Iturriotz kalean.